Hegoaldean botikak erosi zituzten hiru laborari atxilotu dituzte

Kontrabandoa egitea eta osagarriaren alorrean ondorio latzak eragin dezakeen iruzur delitua egitea leporatu dizkiete

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2009ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko merkatu bakarraren mugak ezagutu dituzte Lapurdiko hainbat laborarik. Frantziako Aduanetako Poliziak Sara, Zuraide eta Itsasuko hiru laborari eta Ainhoako marexal bat atxilotu zituzten atzo goizean, abereei Hego Euskal Herrian erositako sendagaiak emateagatik. Kontrabandoa eta iruzurra egotzi dizkiete.

Operazioa zabala izan da, Lapurdin atxilotuen baserriak ez ezik beste hainbat miatu baitituzte Frantziako Biarno, Gers eta Poitou eskualdean, eta beste lau lagun atxilotu dituzte. Guztiak askatu zituzten astirian, baina inkestak segitzen du aitzina. Lapurdin bertan beste pare bat laborari deitu dute.

Euskal Herrian atxilotu laborariak Kanboko aduanen egoitzara eraman zituzten, marexala Baionara, handik hurbil atxilotu baitzuten. Frantzian lan egiteko debekua omen du, 2009ko apiriletik. Hegoaldean erosi sendagailuen erabiltzeko baimenak ematea leporatu zioten orduan. Hari beretik doaz atzoko atxiloketak. Laborari horiek erabili lituzketen sendagailuei lotuak dira. Hego Euskal Herrian erosi sendagailuak ukaitea leporatzen diete. Kontrabandoaz gain, baimenik gabe inportatzea eta osagarri alorrean «ondorio latzak» eragin dezakeen iruzur delitua leporatu dizkiete. Lau urteko presondegi zigorra eta 75.000 euroko isuna arriskatzen dute, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak erran duenez.

ELBk Kanbon elkarretaratuz salatu ditu atxiloketak: «Iparraldeko laborariek Hegoaldean erosten dituzte erremedio gehienak; hemengoen berdin-berdinak dira, baina merkeago salduak. Frantzian ikertuak ez diren eta lanjeros izaten ahal litezken produktuekin ez du, beraz, deus ikustekorik». Gaineratu du farmazien eta marexalen lobby-en indarra dela gibelean.

Europan merkatu librea baldin badago ere, abereendako sendagailuen kasuan, araudia ez da denetan bera. Berdintzeko eskatzen du, justuki, ELBk. Ipar Euskal Herriko sendagailuentzako baimenak Frantzia mailan ematen dira. Pirinio Atlantikoetako marexalen zerbitzuko zuzendari Veronique Bellemainek argitu du: «Batzuek diote araudia ez dela egokia, baina ez da norberari erabakitzea araudiarekin zer egin; errespetatu beharra da, nahiz eta ez ados izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.