Hego Euskal Herriko fiskalitateari eta aurrekontuei buruzko txostena landu du ELAk, eta ondorio deigarriak atera ditu. Europako Batasunean soilik sei estatuk daukate Hego Euskal Herriak baino presio fiskal txikiagoa: Irlandak (%28,7), Eslovakiak (%28,3), Errumaniak (%28,3), Letoniak (%27,9), Bulgariak (%27,9) eta Lituaniak (%27,2). Izan ere, 2012an Hegoaldeko presio fiskala BPGaren %30,5koa izan zen; urte horretan bertan, EBko batez besteko presio fiskala %39,4koa izan zen —horixe da azken datu eguneratua, eta horregatik egin du ELAk konparaketa 2012ko zifrekin—.
"BPGaren 8,9 puntuko alde horrek hauxe esan nahi du: 2012an, Hego Euskal Herriko presio fiskala 28-EBko batez bestekoa adinakoa izatekotan, 7.578,9 milioi euro gehiago bilduko zirela". ELAk salatu du presio fiskal txikiaren ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 5.683 milioi euro gutxiago bildu zituztela 2012an, eta Nafarroakoak 1.838 milioi gutxiago. Gainera, 2008tik presio fiskala txikitu egin da Hegoaldean, BPGaren %0,7 galdu du, epealdi berean EBn presio fiskala %0,2 handitu den bitartean.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak salatu du hemengo ogasunek uko egin diotela diru gehiago biltzeari, "soilik aberatsentzako politika fiskal bat egiten dutelako". Muñozek galdutu du ea "maximalista" den Europa mailako presio fiskala eskatzea: "Presio fiskal horri uko egiteak murrizketa handiak egitea dakar".