Hegoaldean egindako kontratuen %7 soilik dira mugagabeak

INEMek 103.268 langabe zenbatu ditu urrian bere bulegoetan, irailean baino 1.054 gehiago

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gorabeheratsu dabil langabezia Hego Euskal Herrian. Aurtengo maiatzean zenbaketa berria ezarri zenetik bi aldiz egin du behera, eta hirutan, berriz, gora. Urria azken horien artean izan da; %1,03 hazi da INEMeko bulegoetan izena emanda duten langabeen kopurua. 103.268 dira, orain, biztanleria aktiboaren %7,83.

Behera doa, ordea, lan kontratu mugagabea dutenen kopurua. Urrian, sinatutako 98.329 kontratuetatik, 6.977 baizik ez ziren izan amaiera jakinik gabekoak. Hau da, %7,09. Urte osoko tasa baino apalagoa da hori: urtarriletik urrira izenpetutakoen %7,58 ziren mugagabeak. Nafarroan egin dira kontratu mugagabe gehien (%8,48 aurten) eta Gipuzkoan, berriz, gutxien (%7,13).Gipuzkoak du, ordea, langabezia tasarik txikiena, %6,95 hain zuzen ere. Ondoren datoz Nafarroa %7,38rekin, Araba %7,55ekin eta Bizkaia %8,72rekin. Urrian, Araban baizik ez dira langabe gutxiago zenbatu.INEMen datuen arabera, Hego Euskal Herriko langabeen %52,5ek jasotzen dute langabezia sariren bat.

Azpikontratuen aurkako kanpaina egingo du CCOOk

Loli Garcia Euskadiko CCOOko Formakuntza eta Enplegurako idazkariak ohartu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan prekarietatea Espainian baino handiagoa dela. Aldi baterako lanean ari diren asko emakumeak eta gazteak direla ere salatu zuen.

Sindikatu horrek kanpainaegingo du azpikontratazioa salatzeko. Josu Onaindi Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak atzo Bilbon azaldu zuenez, azpikontratazioak «enpresaburuen pirateria handitzen du». Haren esanetan, enpresaburuen interes bakarra «kaleratzea merkeago egitea» da, eta lan kostuen apalagoetan oinarritutako ekoizpen eredua proposatzen ari dira. «Akatsa da hori», berrikuntzak eta teknologiak izan behar dutelako euskarri nagusiak.Onaindik nabarmendu zuenez, lan istripu gehienak azpikontratutako enpresetako langileek izan ohi dituzte. Eraikuntzan eta zerbitzuetan asko hedatu da azpikontratazioa, baina espreski kritikatu zuen administrazioek gero eta gehiago baliatzen dutela, zabor bilketarako, segurtasunerako edo gizarte zerbitzuetarako, esaterako.

ERREFORMAK



Langabezia saria jaitsiko dute Alemanian



CDU eta SPD ados jarri dira datorren urtean langabezian luzaroan izan diren lagunei saria «nabarmen» murrizteko. Alemaniak 28.000 milioi euro urtean gastatzen ditu langabeen prestazioetan, eta gutxienez 1.800 milioi gutxitu nahi dituzte langabe kronikoei gutxituta.

Ipar Euskal Herrian ere izan daiteke aldaketarik, baldin eta Enpleguaren, Sarien eta Gizarte Kohesioaren Kontseiluaren (CERC) zenbait proposamen indarrean jartzen badira. Jacques Delors buru duen erakunde aholku-emaileak sistema sinplifikatzea eskatu du, oraingoan, langabeak babesteko helburuan «ardurak kentzeko arrisku handiak» baitaude. CERCek bereziki kritikatu du 25 urtetik langabeak hiru aldiz zigortzen dituztela: ez dute adina kotizatu langabezia saria jasotzeko eta RMIrako gazteegiak dira; diru sarrerarik ez dutenez edozein lanpostu onartu behar dute; eta lan horietan ari direnez oso zaila egiten zaie lanpostu txukunagoa aurkitzea. CERCek hilabete bateko kotizazioarekin langabezia saria jaso ahal izatea eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.