KANPO MERKATARITZA

Hegoaldean esportazioek historiako bigarren urterik onena izan zuten iaz, %6,3 jaitsi arren

Inportazioak are gehiago txikitu direnez (%12), inoizko superabit komertzialik handiena izan dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroak. 

Ivan Santamaria.
2013ko otsailaren 27a
19:23
Entzun

Hego Euskal Herriko esportazioek %6,3 egin dute atzera 2012. urtean. Nahiz eta datu txarra izan, azalpen zabalago bat eskatzen duen horietakoa da. Izan ere, 2011. urtea inoizko onena izan zen enpresek Hegoaldetik eta Espainiatik at egindako salmententzat. Goia jo ondoren behera egin dute, krisiaren okertzeak behartuta, baina, hala eta guztiz ere, historiako bigarren urterik onena izan da esportazioentzat iazkoa.

Herrialdeen arabera ere ezberdinak izan dira emaitzak. Hala, Gipuzkoa izan da aurreko urtearekin alderatuz gero esportazioak handitzea lortu duen herrialde bakarra. Datuak sakon aztertu gabe, emaitza makina-erremintarekin eta trenekin zerikusia duten salmentei egotzi die bultzada Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkataritza ganberen elkarteak. Araban esportazioak %4,3 jaitsi dira, eta Bizkaian, %8.

Nafarroa da txanponaren ifrentzua. Herrialde horretan esportazioak %15,5 hondoratu dira. Nafarroako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, ibilgailuen sektoreak izandako jaitsiera bortitzari zor zaio, batez ere. Urte batetik bestera %19 jaitsi da autoen esportazioa. Kontuan hartu behar da sektore horrek herrialdeko esportazioen heren bat betetzen duela.

Kanpo merkataritzaren emaitzetatik beste ondorio bat atera liteke. Inportazioak ia %12 jaitsi dira. Alegia, atzerritik ekartzen diren produktuek murrizketa oso adierazgarria izan dute. Horri esker superabit komertzial oparoa du Hegoaldeak, inoizko handiena 7.500 milioi eurorekin. Interpretazio zuhurra eskatzen du superabit komertzial horrek. Alde batetik, esan nahi du atzerritik dirua biltzen duela Hegoaldeko ekonomiak. Horri esker kanpotik ekarritako kreditu gutxiago behar du, eta hori ona da. Bestetik, ordea, enpresek geroz eta gutxiago ekoizten ari direla iradokitzen du, industria gelditzen ari dela, azken finean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberek 2012. urtean kanpo merkataritzak izan dituen emaitza nagusien berri eman zituzten atzo. Aurreko urtean goia jo ondoren, 2012. urteko emaitza ez dela txarra izan nabarmendu dute, are gehiago kontuan izanik giro ekonomiko ezkorra eta enpresek dituzten aurreikuspen eskasak. Begirada globalago bat ere eman behar zaie, Eduardo Mozo Arabako ganberako zuzendariaren irudiko. «2000 eta 2012 urteen artean esportazioak bikoiztea lortu dute enpresek. Historiako bigarren emaitzarik onena da».

Hegoaldeko enpresek ekoizten dituzten enpresentzako merkatu berriak aurkitzeari lehentasuna ematen diote ganberek. Oraindik ere Frantzia eta Alemania dira erosle nagusiak, eta atzerrian saltzen diren hamar eurotik sei Europako Batasunean erosten dituzte. Hala ere, EBk esportazioetan duen pisua ia hamar puntu murriztu da azken hamarkadan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.