Hegoaldean, inflazioa %0ra hurbiltzen ari da

Lehen aldiz neurtzen denetik, prezioek behera egin dute urtebetean Nafarroan, %0,2 hain zuzen ere

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Petrolioaren merkatzeak eta kontsumoaren jaitsierak bultzatuta, beheranzko joera indartu du inflazioak: otsailean %1ekoa zen Hego Euskal Herrian, eta %0,3koa baizik ez martxoan. Nafarroan, lehen aldiz 1978an INE estatistika erakundeak autonomia erkidegoetakoa neurtzen duenetik, negatiboa izan da, azken urtebetean %0,2 jaitsi baitira prezioak. Espainian ere maila horretan dago inflazioa, eta kasu horretan lehen aldia da 1961an neurtzen hasi zirenetik.

Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan, ordea, zerotik gora dago inflazioa: %0,3 Araban, %0,4 Gipuzkoan eta %0,5 Bizkaian. Berez, martxoan prezioek gora egin zuten, hiru lurralde horietan ez ezik, baita Nafarroan ere. Batezbesteko igoera %0,3koa da, baina iazko martxoan igoera %1ekoa izan zenez, azken 12 hilabeteotako datuak behera egin du nabarmen.

Martxoan gehien garestitu diren produktuak jantziak eta oinetakoak -merkealdia amaitu da- eta etxeetarako tresneria dira. Elikagaiak %0,6 merkatu dira -arraina, fruta, olioa eta haragi batzuk batez ere- eta garraioak %0,4. Azken atal hori da azken urtebetean gehien merkatu dena, %7,8 hain zuzen ere, petrolioaren prezioaren amiltzeari esker. Petrolio upela batez beste 47 dolarrean salerosi zen joan den martxoan, eta 103 dolarrean duela urtebete.

Urtea hasi denetik jaitsiera nabarmenak izan dituzte prezioek Hego Euskal Herriko lurralde guztietan: -%1,4 Araban eta Nafarroan, -%0,9 Bizkaian eta -%0,8 Gipuzkoan.

Erosteko ahalmena

Espainiako Ekonomia Ministerioak irakurketa baikorra egin du inflazioaren datuei buruz. Batetik, azpimarratu du lehen aldiz urriaz geroztik prezioek gora egin dutela hilabete batetik bestera. Bestetik, gogorazi du euroaren eremuko inflazioarekiko aldea azken urteotako txikiena dela.

Euskadiko CCOOk, berriz, ziurtatu du prezioek beherantz jarraituko dutela datozen hilabeteotan -petrolioak iazko abuztuan jo zuen goia-, baina horregatik soldatak jaitsi behar ez dutela aldarrikatu du. «Garran- tzizkoa da EBZren inflazio aurreikuspenen inguruan igotzea (%2), familien erosketa eta kontsumo gaitasuna aktibatzeko eta ekonomia suspertzeko».

Antzeko deia egin du UGT-Euskaldik ere, eta ontzat hartu du soldatak KPItik gora igotzea, «azken urteotan soldaten errentak enpresen irabazien azpitik jaitsi direla konpentsatzeko».



Lehen aldiz 1955az geroztik, prezioak jaisten ari dira Estatu Batuetan

Prezioen jaitsiera Mendebaldeko ekonomia guztietara hedatzen ari da. Atzo zabaldu zenez, Ameriketako Estatu batuetan urtearteko inflazioa negatiboa izan da martxoan (-%0,4), lehen aldiz 1955. urteaz geroztik. Abuztuan hasi ziren prezioek behera egiten, baina urtarrilean eta otsailean gora egin zuten. Adituek uste dute ez dagoela oraingoz deflaziorako arriskurik, azpiko inflazioa -erregaien eta produktu freskoen bilakaera aintzat harttzen ez dituena- positiboa delako oraindik, eta horri ematen diote garrantzi handien epe luzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.