Ekonomia

Hegoaldean "negoziazio kolektiboa galarazten duen" erreformaren zati bat indargabetzeko lanean ari da ELA

Sindikatuak auzi eske bat aurkeztu Espainiako Auzitegi Nazionalean sukaldaritzako estatuko ituna sinatu ondoren, EAE eta Nafarroan mahaiak eratzea eragotzi dietelako.

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko irailaren 28a
08:41
Entzun

ELA azken lan erreformaren zati bat indarrik gabe uzteko lanean ari da. Negoziazio esparruei dagokion atala utzi nahi du sindikatuak bertan behera, Espainia mailan CCOO eta UGTk FEARS patronalarekin sukaldaritzako ituna izenpetu ondoren, Espainiako hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioak ELAri ez diolako baimenik eman EAE eta Nafarroa mailan negoziazio mahaiak zabaltzeko. “45 urte daramatzat lan eskubideen arloan lanean, eta inoiz ez dut halakorik ikusi”, azaldu du Luis Enrique de la Villa legelariak. Hain zuzen, bere eskutik joan da sindikatua Auzitegi Nazionalera, eta bertan demanda bat jarri du, “askatasun sindikaleko eta negoziazio kolektiboko oinarrizko eskubideak urratu direlako”.

De la Villak azaldu duenez, egun indarrean dagoen lan erreformak zentralizazioa bultzatzen du. “Bitarteko espazioak [autonomiko eta probintzialak] itxi edo baztertu egiten ditu”. Era horretan, negoziatzeko ahalmena estatu mailako sindikalismoari aitortzen zaio, autonomia erkidego mailan dihardutenei ukatuz. Hori nazioarteko lan zuzenbidearen aurka doala esan du legelariak, Eutopako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartaren aurka, eta Giza Eskubideen Hitzarmen Europarraren aurka. Kartak dioenez, sindikatu orok eskubidea du dagokion eremuan negoziatzeko, “eta horregatik Langileen Estatutuak ezin du hori bultzatzen duen lan hitzarmenik babestu”.

Hori horrela izanda, ELAk Espainiako Auzitegi Nazionalari eskaera egin dio eremu txikiagoan negoziatzea debekatzen duen klausula guztiak indargabetzea. Bertan lan erreformaren derrigorrezko ondorio dela ebatziko balitz, De la Villak uste du araudi hori Europako zuzenbidearekin alderatu beharko litzatekeela. Horregatik Auzitegi Nazionalari eskatu dio EBeko Justiziako Goi Auzitegiari galdera aurrejudizial bat egin diezaion. Bestalde, Auzitegi Konstituzionalera ere eramango du gaia sindikatuak, “oinarrizko eskubideak urratzen direlako”. Bide horrek guztiak fruiturik emango ez balu, EBko Justizia Goi Auzitegiari eskatuko dio gaia aztertu dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.