Europako Batasuneko Barne Produktu Gordina (BPG) 450 milioi hiritarren artean banatu eta horrekin batera tokian tokiko eros ahalmenarekin parekatuz gero (euro batek ez baitu berdin balio Euskal Herrian edo Portugalen, adibidez), Hego Euskal Herriko herritar baten errenta EBko batena baino %20 handiagoa da. Datuok batez bestekoak dira eta INE Espainiako estatistika erakundeak zabaldu zituen atzo. Euskal Autonomia Erkidegoan batez besteko errenta EBkoaren %119 eta Nafarroakoa %121 zirela zabaldu zuen.
Hego Euskal Herriko BPG 46.130,2 milioi eurokoa izan zen iaz. Nafarroa %3ko erritmoan hazi zen eta EAEko ekonomia, berriz, %2,4 hazi zen, INEren datuen arabera. Espainiari begira, 568.311 milioi eurokoa izan zen BPG eta %2,4koa izan zen hazkuntza. Jaime Caruana Espainiako Bankuko gobernadoreak atzo aurreikusi zuen %3 inguru haziko dela aurten eta datorren urtean, betiere petrolioaren prezioak inflazioan eragiten duen presioa «ez bada larritzen». Caruanak gehitu zuen petrolioaren azkenaldiko garestitzeak ez diola eragingo ekonomiaren hazkuntzari «modu larrian».
Frantziako BPG %0,8 hazi da urtarriletik apirilera
Bestetik, Frantziako ekonomia 2003ko azken hiruhilekoan baino %0,8 gehiago hazi zen urtarriletik apirilera. INSEE estatistika erakundearen arabera, familien kontsumoa izan da giltzarrietako bat. INSEEk ekonomia aurten %2,3 haztea espero du.
Erresuma Batuan lehen hiruhilekoan %0,7 hazi zen ekonomia, abenduko datuekin alderatuta, ONSren arabera.
Hegoaldeko errenta, EBko batez bestekoa baino %20 handiago
Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina 46.130,2 milioi eurokoa izan zen 2003. urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu