Hemengo okela babesteko, Euskal Herrirako legedia nahi du sektoreak

EAEn kontsumitzen den behi okelaren %60 kanpotik ekarritakoa dela adierazi dute

KOLDO MADOZ
2003ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herriko teknikari talde batek behi-okelaren azpisektorearen egoera aztertzen eta etorkizunerako erabakiak azaltzen dituen agiria kaleratu berri du. Egungo egoeraren hausnarketa egitea eta irtenbideak aurkitzea da euren helburua. Agiri honek Europako Batasunaren (EB) politika kritikatu eta kalitateko okelaren eta produktuak bereiztearen aldeko apustua egiten du.

Globalizazioak eragindako kalteak saihesteko, Euskal Herri osoko abeltzainen eta nekazarien legediaren aldeko apustua egin dute. Jatorriari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzen den haragiaren %40 bakarrik dela bertakoa esan dute taldeko iturriek.

Aziendak hil eta jateko prestatzeko Eusko Jaurlaritzak duen dekretuak ezer garbirik ez duela adierazten dio agiriak. Modu tradizionalean edo EBren moduan egiteko aukerak ematen ditu dekretu horrek. Gainera, EBk okelaren kalitatea merkataritza irizpideekin bakarrik zehazten duela salatu du. Erakusgarritzat, hala dio agiriak: Europako Batasunak gorpuak hiltegitik zazpi graduren azpitik ateratzea derrigortzen zuen legea kendu zuen, eta gerrialdea derrigorrezerauzi behar dela ezarri.

Kalitatezko okela ekoizteko eta saltzeko, agiriak hainbat neurri proposatzen ditu. Horien artean lehenengoa, animaliak loditze prozesua amaitutakoan soilik hiltzeko aukera. Gaur egun, nahiz eta animaliak loditzeko prozesua bukatu gabe egon, 12 hilabete betetakoan abeltzaina hura hiltzera derrigortuta dago. Aziendak hiltzeko modu tradizionalaren aldeko apustu garbia egin dute agiriaren sinatzaileek. >

Kateko eragileen arteko lotura nahi du taldeak

Egun, abeltzainen eta harakinen artean dagoen harreman falta konpontzeko, harremanak sustatzea proposatu dute beste neurrietako batean. Neurri horrekin barne merkatua sortu eta bertako ekoizpena lotu nahi dute. Okelaren kalitatea hobetzeko eta bezeroek kalitatea bereizten jakin dezaten, marketin estrategiak lantzeko Ikerketa eta Garapen (I+G) sistemak ezartzea ere eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari.

Hiltegiei dagokienez, ostera, Euskal Autonomia Erkidegoan hiltegi bakarreko proiektua egin aurretik eragile guztiak eztabaidatzeko eta erabaki egokiena hartzeko elkartzea proposatzen du. Era berean, hiltegien kostuak murriztu daitezela eskatzen du agiriak.

Halaber, okelaren kalitatea zehazteko irizpideak alda daitezen, albaitarien, teknikarien, baserritarren, gizentzaileen eta hiltegietako langileen arteko batasuna ezinbestekotzat jotzen dute agiriaren sinatzaileek. Geroz eta globalizatuagoa dagoen merkatuan eta handizkakoen eta eragile handien interesak babesten dituen legediarekin, Euskal Herriko behi okelaren azpisektoreko langileek geroz eta zailago ikusten dute aurrera egitea.

.Kolorea: haragiak hainbat kolore har ditzake animaliaren ezaugarrien arabera. Hala ere, kolore ona izan dezan ezinbesteko baldintzak dira garraio eta hilketa garaian abelburuaren lasaitasuna bermatzea eta jarraitutako lerro genetikoa.

Xamurtasuna: kolagenoaren eta koipearen banaketak zehazten dute batez ere ezaugarri hau. Geroz eta kolageno gehiago eta koipe gutxiago izan haragia gogorragoa izango da eta alderantziz. Halaber, animaliaren sexuak eta adinak ere eragina du: arra eta zaharra bada haragiak gogorra izateko joera izango du eta alderantziz.

Biguntasuna: koipe eta ur metaketek eta gorpuaren manipulazioak zehazten dute aldagai hau. Abelburuaren elikadurak ere garrantzia du koipearen biguntasuna eta kolorea zehazteko.

Flaborea: dastamenak eta usainak osatzen duten ezaugarria da. E bitaminak eragin zuzena du ezaugarri honetan, okela erdoiltzetik babesten duelako.

>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.