Merkataritzaren bilakaera positiboa izaten ari da, Euskomerren arabera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatariak batzen dituen konfederazioak iazko datuak eman ditu gaur goizean, eta, horren arabera, salmentek %1,7 egin zuten gora hiru lurraldeetako dendetan. Igoera hori, ordea, apalagoa izan da txikizkako dendetan, %0,8ko hazkundea izan baitzuen. Igoera horrekin batera, enpleguak ere %1,28ko gorakada izan zuen txikizkako merkatarien artean, baina denden kopuruak %1,93 egin zuen behera. Jaitsiera hori, gainera, herri txikietako merkataritzak izan duen jaitsierak eragin duela azaldu du Jon Aspuru Euskomerreko presidenteak.
18.000 dendari ordezkatzen ditu konfederazioak, eta, nabarmendu duenez, igoera hori “apala” izan da oraingoz. Herri txikietan merkataritzak izan duen jaitsiera arrazoitzeko garaian, gainera, ekintzailetzaren jaitsiera nabarmendu du, eta azpimarratu proiektu berri bat bideratzeko jende gutxiago dagoela egun. Horregatik, adierazi du bide hori sustatu beharra dagoela.