Kapitalaren esanetara sortutakoak dira, eta langileak are gehiago estutuko dituzte. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2011rako prestatutako aurrekontuak halakoak direla salatu dute ELA, LAB, EHNE, EILAS eta Hiru sindikatuek. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren ustez, Hegoaldeko administrazioek «azken hogeita hamar urteetako aurrekonturik antisozialenak» onartu dituzte. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren iritziz, langileak gai dira agenda politikoa aldatzeko, eta, horretarako, «kalean erantzutera» dei egin die.
2009ko maiatzaren 21ean eginiko greba orokorraren osteko ekitaldi eta mobilizazio kanpainarekin jarraituta, «kalera berriz ateratzeko unea» dela azaldu du EILASeko Belen Arrondok. Datorren asteazkenean, hilak 15,egingo dute lehenengo elkarretaratzea, Gasteizen. Sindikatuetako ordezkariak Mendizorrotza kiroldegian elkartuko dituzte, eta, batzar bat egin ostean, manifestazioan abiatuko dira Eusko Legebiltzarrera. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren aurkako protesta, berriz, Iruñean egingo dute, abenduaren 23an.
Deialdien berri emateko agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, bost sindikatuetako ordezkariek. ELAko eta LABeko idazkari nagusiekin batera, EILASeko Belen Arrondo, Hiruko Esteban Munduamendiaraz eta EHNEko Eneritz Otamendi izan ziren. Orain arte gehiengo sindikalarekin bat egin duen ESK-k ez zuen agerraldian parte hartu. ELAko buruzagiak azaldu zuenez, azken hilabeteetan «desadostasunak» izan dituzte ESKrekin, harremanak hautsi ez badituzte ere: «Ikusiko dugu denborarekin».
Opari «eskandalagarriak»
Gastu politikaren harira, Muñozek ukatu egin du krisia gobernuek hartutako erabaki guztiak azaltzeko baliagarria dela. Izan ere, «arazoa ez da gehiegizko gastua dugula, zerga politika baizik». Haren ustez, opor fiskalen auzia «argigarria» da EAEko aurrekontuak ulertzeko: «Jaurlaritzak 750 milioi oparitu zizkien enpresei, eta gizarte larrialdietarako laguntzetarako bideratutako dirua 17 milioikoa den bitartean. Eskandalagarria da».
Erabaki horien errudunak seinalatu behar direla esan du Muñozek. Aurrekontuei dagokionez, PSE-EEk eta EAJk dena «erabat lotuta» dute, «PPren oniritziarekin». Eztabaida politikoa, berriz, garrantzirik gabeko gaietarako uzten dutela salatu du.
Alde horretatik, aurrekontuak onartzeko gizartean inolako eztabaidarik ez dutela nahi salatu du Ainhoa Etxaidek. Haren esanetan, Patxi Lopezen gobernua «besteen aginduak kudeatu besterik ez du egiten, erakundeak kapitalaren zerbitzuan jarrita».
Bitartean Hego Euskal Herrian 175.500 langabe daudela ohartarazi du LABeko idazkari nagusiak. Horietatik, gainera, 62.500 lagunek, hirutik batek baino gehiagok, ez dute jasotzen inolako laguntzarik. Gasteizko eta Iruñeko gobernuen aurrekontuek arazoa areagotu besterikez dute egiten, Etxaideren arabera.
Europako protesta eguna
Europako Sindikatuen Konfederazioak protestak egiteko deia egin du hilaren 15erako Europako Batasuneko gobernuek krisiaren harira eginiko murrizketen aurka. Horiekin bat egingo dutela esan zuten herenegun EAEko eta Nafarroako UGTk eta CCOOk. Atzo, berriz, LSB-USOk ere elkarretaratzeak egingo dituela jakinarazi zuen. Kontzentrazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 11:00etan.
Herritarrek aurrekontu «antisozialak» salatzea nahi du gehiengo sindikalak
ELA, LAB, Hiru, EHNE eta EILASek protestak egingo dituzte hilaren 15ean Gasteizen eta 23an Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu