Lan osasuna

Hil egin da joan den astean Gasteizen istripua izandako langilea

Kamioi baten atoitik erori zen, eraikuntza lanetan ari zela.

Lan istripuak salatzeko elkarretaratzea, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 6a
11:10
Entzun

CCOOk emandako azalpenen arabera, langilea erietxean zegoen, ekainaren 29an Gasteizen istripua izan ondoren. Kamioi baten atoitik erori zen, eta oso zauri larriak egin zituen.

Langilea Madrilgo Izobex Construcciones enpresakoa zen, eta Adania eraikuntza enpresa azpikontratatu zuen, Gasteizko udalerriko Aretxabaleta herrian eraikitzen ari diren etxeetan lan egiteko.

CCOOk gogorarazi duenez, joan den astean gutxienez beste bi lagun hil ziren beharrean ari zirela: basoko langile bat, Muxikan (Bizkaia), eta kamioilari bat, Irunen (Gipuzkoa).

Sindikatuak eskatu die enpresei eta administrazioei neurri zorrotzagoak har ditzatela lan ezbeharrak gutxitzeko. «Aurtengo datuak beldurgarriak eta onartezinak dira, batez ere kontuan hartuta jarduera ekonomikoa aldi baterako geratuta egon dela».

Azken istripua salatzeko, SEA patronalaren aurrean bilduko da bihar CCOO.

LABen zenbaketaren arabera, urtea hasi denetik gutxienez 39 lagun hil dira lanean ari zirela. Horiei batu dakizkieke Zaldibarko zabortegiaren hondakinen azpian harrapatutako biak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.