Hiltegi guztiak elkarte publiko bakar batean bil ditzaten nahi du Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko Gipuzkoako adarrak. Haren irudiko, zerbitzu bat ematen duten guneak dira, negozioa egiteko bitartekoak baino gehiago. Eta zerbitzu hori bermatzeko, ezinbestekoa da izaera publikokoak izatea.
Gipuzkoako EHNEk dio hiltegiek haragiaren katean zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dutela: baserritarrentzat, txahal eta behiak ahalik eta gertuen hiltzeko; harakinentzat, gertuko eta kalitatezko zerbitzua jasotzeko; eta kontsumitzaileentzat, kalitatezko eta konfiantzazko produktuak eskuratzeko. Horren haritik, aurreko Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Gurokela proiektua kritikatu du, hiltegi txikiak ixten eta gainontzekoen kudeaketa zentralizatzen saiatu zelako.
Gipuzkoako EHNEren esanetan, egia da hiltegi asko ez direla errentagarriak, baina ez du uste irabazirik ematen ez dutenak itxi behar direnik. «Ba al da zerbitzuren bat defizitik suposatzen ez duenik?». Liburutegiak, kiroldegiak, udaltzaingoa, Osakidetza eta Ertzaintza jarri ditu adibidetzat.
EHNEren aburuz, egungo egoera oso nahasia da, izaera askotako hiltegiak daudelako: pribatuak, mankomunatuak, elkarte publikoak... «Horrek elkarrekiko lehia basatian sartzera behartu ditu, eta, ondorioz, prezioen borrokan murgilduta daude». Taldeak dio borroka horrek hilketa kopuru handiagoaren beharrean jarri dituela hiltegiak. Eta kanpoko txahalak merkaturatzen dituzten komertzialen atzetik ei dabiltza, Euskal Herrikoei baino eskaintza hobeak eginez. «Ezinezkoa da Euskal Herriko baserritarren txahalek beste horiekin lehiatzea».
Horrenbestez, hiltegi guztiak erakunde publiko bakar batean barruan biltzea behar-beharrezkotzat jo du Gipuzkoako EHNEk. Erakunde horretan udalerri guztiek, Foru Aldundiak eta lehen sektoreko ordezkariek parte hartuko lukete, eta azken horiek erabakitzeko ahalmena izango lukete. Erakundea Gipuzkoan sortuko litzatekeen arren, denborarekin beste herrialdeetara zabalduz joango litzateke. Eta, taldearen esanetan, egoeraren larritasunagatik, urtea bukatzerako martxan egon behar luke proiektuak.
Hiltegi guztiak elkarte publiko batean biltzea nahi du Gipuzkoako EHNEk
Sindikatuak uste du hiltegiek ematen duten zerbitzua bermatzeko izaera publikoa izatea beharrezkoa dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu