Hipoteka, 50 euro garestiago

Euriborrak %2,11n amaitu du urria, eta hamalaugarren hilabetez jarraian egin dute gora hipotekek

Miren Garate.
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Iazko urrian %1,495ean zegoen hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizea, Euriborra. Aurten, %2,11n amaitu du. Hala, etxebizitza pagatzeko batez besteko mailegu bat berrikustea tokatzen zaionak —160.000 euro 30 urtean itzultzeko eta %0,5eko diferentzialarekin— hilero 50 euro gehiago ordaindu beharko ditu aurrerantzean; urtean 600 euro gehiago, beraz. Dirua denbora gutxiagoan itzuli behar dutenek garestitze txikiagoa igarriko dute, eta alderantziz.

Abuztuan eta irailean behera egin zuen Euriborrak. Horrek, ordea, ez zuen kuoten jaitsierarik eragin, eta hamalaugarren hilabetez jarraian garestitu dira maileguak. Epe motzera, adituek ez dute aparteko aldaketarik aurreikusten.

Interes tasak aldatzen direnean izaten dira Euriborraren igoera eta jaitsiera handiak. Hazkunde datuek bultzatuta, aurten bi aldiz garestitu du diruaren prezioa: ekainean, %1,25era igo zituen interes tasak, eta uztailean, %1,5era. Orain hilabete batzuk uste zen urtea amaitzerako egongo zela beste gorakadaren bat ere. Egoera ekonomiko ahulak, ordea, ia guztiz baztertu du aukera hori. Eta kontrakoa gertatzea ez da baztertzen.

Ostegunean izango du hurrengo bilera EBZk. Mario Draghi presidente berriak interes tasei eustea espero da; alabaina, laster jaitsi egingo dituela uste dute aditu gehienek. OCDEk ere hala egiteko aholkua eman dio, berriz ere atzeraldian ez erortzeko.

Baldintza gogorragoak

Dena den, Euriborrak ez ezik beste faktore batzuek ere eragiten dute maileguaren prezioan. Espainiako Bankuak jakinarazi duenez, finantza erakundeek «gogortu eta garestitu» egin dituzte hipotekak emateko baldintzak. Diferentzialak handitu egin dira hirugarren hiruhilekoan, eta dirua itzultzeko epeak murriztu.Hark dio finantza erakundeek eurek ere dirua lortzeko arazo handiagoak dituztelako gogortu direla baldintzak. Horrez gain, aurreikuspen ekonomiko kaskarrek ere izan dute eragina.

Espainiako Bankuaren arabera, baldintzak gogortzeak ez dio batere lagunduko ekonomiari suspertzeko orduan, familien eta enpresen egoera ekonomikoari kalte egingo diolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.