Aurtengo ekainean etxea erosteko 3.174 hipoteka mailegu berri eman dituzte Hego Euskal Herrian, iaz garai berean baino %11 gutxiago (3.580 eman zituzten iaz). Datuak probintziaka aztertuz gero, Nafarroa da salbuespena: aurtengo ekainean iazkoan baino %8,1 mailegu gehiago eman dituzte etxeak erosteko, 761 guztira. Araban jaitsiera %19koa izan da, Bizkaian %18koa eta Gipuzkoan %9koa.
Eta bankuek eta aurrezki kutxek diru gutxiago eman dute etxea erosteko mailegu bakoitzean. Iazko ekaineko mailegu berrien batez bestekoa 155.000 eurokoa zen; aurtengo ekainekoa, berriz, 141.000 eurokoa. Hau da, 14.000 euro, %8, gutxiago. Hipoteka maileguetan emandako diru kopurua probintzia guztietan jaitsi da urtebetean: %14 Araban, %11 Gipuzkoan, %6 Bizkaian eta %4 Nafarroan.
Eta azken urtean bankuetara edo aurrezki kutxetara hipoteka mailegua eskatzera jo dutenek ez dute hainbeste nabaritu Euriborraren jaitsiera. Euriborra gutxieneko historikoetan dagoen arren, finantza erakundeek aplikatzen dituzten diferentzialek Euriborraren jaitsieraren eragina apaltzen dute. INEren arabera, aurtengo ekainean hipoteka maileguen batez besteko interesa %4,47koa izan zen, duela urtebete baino %13,8 gutxiago soilik. Aintzat hartu behar da iazko ekainean Euriborra %5etik gora zegoela; aurtengoan, aldiz, %1,6an.
Espainiako datuak aintzat hartuta, aurrezki kutxek emandako hipoteka maileguen batez besteko epea 23 urtekoa da; bankuek emandakoena, berriz, 21 urtekoa.
AEBetan salmentek, gora
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) etxebizitzen merkatua, finantza krisia sortu eta bultzatu zuten faktoreetako bat, suspertzen ari da. Ekainetik uztailera etxebizitza berrien salmenta %9,6 hazi da, 2005eko otsailetik izan duen hazkunde handiena. Iazko uztailetik aurtengora 433.000 etxe saldu dituzte AEBetan, iazko irailetik izandako urte arteko salmenta kopuru handiena.
Hipoteka eskariak ere hazi egin ziren aurreko astean: %7,5. Eskariek gora egin dute bi astez jarraian.
Horretan guztian zerikusia izan du AEBetako etxeen prezioa merkatzeak. %11,5 merkatu dira iazko uztailetik aurtengora. Etxe baten batez besteko prezioa 210.000 dolarrekoa da (147.000 euro inguru).
############
Hipotekak berrikusteko gomendioa
Baldintzak aztertzeko eskatu die CECUk herritarrei, Euriborraren jaitsieraz baliatzekoJ. Goikoetxea.
Abuztuko Euribor indizea historiako baxuena izango da: atzo arteko datuak aintzat hartuta, hileko batez bestekoa %1,338koa da, duela urbete baino ia lau puntu gutxiago. Hipoteka mailegua abuztuko Euriborraren arabera berrikusten dutenek jaitsiera nabarmena izango dute hilero ordaindu beharreko kuotan, kasu batzuetan kuotaren erdia.
Euriborraren jaitsiera ikusita, hipoteka mailegua duten herritarrei beren hipotekaren baldintzak zorroztasunez berrikusteko eskatu die CECUk, Espainiako Kontsumitzaileen Konfederazioak. CECUren arabera, zenbait kasutan «oso interesgarria» izan daiteke hipoteka maileguaren subrogazioa, hau da, finantza erakunde batetik bestera pasatzea.
Esaterako, zorua deritzon klausula dutenen kasuan. Izan ere, zorua aplikatzen den hipoteketan interesa ez da kopuru batetik behera jaisten, Euriborraren eta diferentzialaren batura txikiagoa izan arren.
Hipoteka erakundez aldatu nahi dutenek, baina, aintzat hartu behar dute aldaketak zenbait gastu dituela. Alderatu egin behar dira baldintza berriekin aurrezten dena eta horretarako gastatu behar dena.
Gero eta herritar gehiagok aldatu dituzte beren hipoteka maileguaren baldintzak. INEren arabera, aurtengo ekainean herritarrek 52.072 hipoteka maileguren baldintzak aldatu dituzte, duela urtebete baino %64,4 gehiago. Bostetik lauk hipotekaren baldintzak aldatu dituzte, baina hipoteka mailegua finantza erakunde berean mantendu dute; bostetik batek, berriz, hipoteka mailegua beste finantza erakunde batera eraman du.
Egindako aldaketa nagusia interes tasaren aldaketa izan da. Askok interes tasa finkotik aldakorrera pasa dute hipoteka.
############