Hipotekak, argindarra eta gasa, gaurtik garestiago

Euriborra jaitsi arren, etxebizitza erosteko batez besteko mailegua duten herritarrek hilean 70 euro gehiago pagatu beharko duteGas naturalaren eta butanoaren prezioa %5,7 igoko da; argindarrarena, %1,5

2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Urtearen hasieran hasitako joera eten du Euriborrak. Sei hilabetez igo ostean, zertxobait jaitsi da Hego Euskal Herrian hipoteka maileguak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea: %2,147an bukatu zuen maiatza, eta %2,144an bukatu du ekaina. Horrek ez du esan nahi, ordea, hipotekak merkatu egingo direnik; jaitsierak jaitsiera, iazko ekaineko batez bestekoaren gainetik amaitu baitu hilabetea. Iaz, sasoi honetan, %1,281ean zegoen indizea; ordutik %67 igo da.

Horiek hala, hileroko kuotahanditu egingo zaie hipoteka ekaineko batez bestekoaren arabera berritu behar duten herritarrei. Batez besteko hipoteka dutenek —160.000 euro 30 urtean itzultzeko eta %0,5eko diferentzialarekin—, orain arte baino 70 euro gehiago pagatu beharko dute hilean edo, beste modu batera esanda,840 euro gehiago urtean. Maileguan diru gutxiago eskatu zutenei edo amortizazio epe motzagoa dutenei, gutxiago garestituko zaie kuota; aldiz, diru gehiago eskatu zutenei edo urte gehiagotan itzuli behar dutenei, gehiago garestituko zaie.

Bat baino gehiago harritu du ekainean Euriborrak beherantz egin izanak, batez ere jakinda Europako Banku Zentralak euroguneko interes tasak igoko dituela uztaileko bileran. Jean Claude Trichet presidenteak ez zuen argi eta garbi iragarri igoera, inoiz ez baitu horrelakorik egiten. Baina atzo EBZk berak euroguneko inflazioaren inguruan emandako datuetatik ondoriozta daiteke uztailean interes tasak igoko dituela. Izan ere, erakunde horren helburuetako bat inflazioa %2an mantentzea da. Aldiz, azken hilabeteetan langa horren gainetik dabil; ekaina, esaterako, %2,7an bukatu zuen. Beraz, ia ziurra da prezioen igoera geldiarazteko neurriak hartuko dituela EBZk.

Euriborraren eta euroguneko interes tasen bilakaerek lotura zuzena izan ohi dute: interes tasak igotzea espero denean, Euriborrak ere gora joan ohi du, eta alderantziz. Azkenaldian, ordea, interes tasak mantenduagatik, Euriborrak gora egin izan du. Beraz, lotura horri eusteko egin beharreko igoera eginda zeukala esan liteke. Dena dela, ekaineko jaitsiera salbuespen bat izan dela uste dute aditu gehienek, eta datozen hilabeteetan orain arteko joerari eutsiko diola.

Hipotekek garestitzen jarraituko dute, beraz; bai emanda daudenek, bai datozen hilabeteetan emango dituztenek. Krisia hasi zenetik, maileguak emateko baldintzak asko gogortu dituzte finantza erakundeek. Baina, interes tasak baxu egon direnez, ematen zituzten hipoteka horien diferentziala ez zen sobera handia. Hamabi hilabeterako Euriborra gehi %0,25eko interes tasa eskatu ohi zieten bezeroei. Bi urte ondoren EBZk euroguneko interes tasak igo izanak, ordea, mugiarazi egin ditu finantza erakundeak, eta diferentzial hori handitzeari ekin diote. Espainiako Bankuaren arabera, etxebizitza erosteko maileguen batez besteko interes tasa %2,92koa zen urtarrilean eta %3,25ekoa maiatzean.

Etxea itzultzea ez da nahikoa

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak hipotekak ordaindu ezin dituztenei laguntzeko neurriak iragarri zituen atzo, estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren hirugarren saioan. Finantza erakundearekin zorra kitatzeko etxebizitza itzultzea nahikoa izateaz ezertxo ere ez zuen esan. Aldiz, mailegu bat ordaindu ezin dutenei bahitu ezin zaien errentaren muga handitzea hitzartu zuten PSOEk, PPk eta CiUk. Akordio horren arabera, 641 eurotik 961 eurora igoko dute bahitu ezin daitekeen errenta, eta bi lagun beren kargu dituzten herritarren kasuan 1.350 eurokoa ere izan daiteke kopuru hori.

Espainiako Gobernuari maileguen baldintzak berrikusteko eskaera ere jasotzen du akordio horrek. Helburua da interes tasei zorua eta sabaia ezartzen dizkieten klausulak kentzea. Dena dela, neurri horiek indarrean sartzeko bide luzea egin beharko dute oraindik. Hipoteken gehiegikeriei aurre egiteko Legebiltzarrean sortutako azpibatzordeak haiek aztertzeko konpromisoa hartu du.

Argia eta gasa ere, garestiago

Gaurtik, argindarra %1,5 garestiagoa izango da hamar hego euskal herritarretik zortzirentzat. Kontsumo ertaina duten erabiltzaileek hilean batez beste 0,5 euro gehiago ordaindu beharko dutela zehaztu du Espainiako Industria Ministerioak.

Argindarraren prezioak bi aldagai ditu: erdia hiru hilean behin ekoizleek eta merkaturatzaileek egiten duten enkantearen arabera ezartzen da, eta beste erdia sarbideko tarifei dagokie, eta Espainiako Industria Ministerioak ezartzen du. Aste honetan bertan egin duten enkantean, energiaren kostuak %2,7 igo dira; aldiz, berari dagokion zatia ez igotzea erabaki du Miguel Sebastianek gidatzen duen ministerioak.

Argindarraren prezioa hiru hilean behin berrikusten dute. Urtarrilean, ekoizpen kostuak asko igo zirela eta, %9,8 igo zuten prezioa; apirilean, aldiz, zegoenean utzi zuten. Gaurkoa, beraz, urteko bigarren igoera da.

Gas naturalaren eta butano bonbonaren prezioa ere igoko dute gaur, argindarrarena baino gehiago, gainera. Gas naturalaren kasuan %5,69koa izango da garestitzea eta butano bonbonaren kasuan, %5,7koa. Hala, aurrerantzean 14,8 euro balioko du bonbona batek, BEZ balio erantsiaren zerga kontuan hartuta.

Industria Ministerioaren arabera, gas naturala ura berotzeko eta sukalderako bakarrik erabiltzen duten familiek %4,6 gehiago ordaindu beharko dute, hilean 0,68 euro gehiago batez beste. Gas naturalarekin funtzionatzen duen berogailua duten sendiek, berriz, %5,95 gehiago ordaindu beharko dute, hilean 2,37 euro gehiago batez beste.

Urtarrilean Espainiako Industria Ministerioak %3,9 igo zuen gas naturalaren salneurria, eta apirilean beste %4,1. Butano bonbonaren prezioa, ostera, %3,13 igo zuen urtarrilean, eta beste %6 apirilean.

Atzerrira deitzea, merkeago

Baina gaurko prezio aldaketa guztiak ez dira igoerak izango, Europako Batasuneko herrialde batetik bestera egiten diren telefono deiak %10 merkatuko baitira. Hala, minutuko 39 zentimo beharrean, 35 zentimo kostako dira aurrerantzean. Atzerritik jasotzen diren deiak, berriz, %26 merkagoak izango dira hartzailearentzat; minutuko 15 zentimo beharrean 11 kostako zaizkio. Tarifa berriak 2012ko uztailaren 31ra arte egongo dira indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.