Hipotekak batez beste %10 garestituko dira Euriborra igota

Hipoteken erreferentzia nagusiak %1,924ko batez bestekoarekin bukatu du martxoa; bi urte dira maila horretan egon ez zelaEBZk euroguneko interes tasak igotzen baditu, gorantz jarraituko du indizeak

2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Krisiak ekarri duen gauzarik onena hipoteken merkatzea izan dela inor gutxik jar dezake zalantzan. Europako Banku Zentralak ohikoa zuen diru politika egiteari utzi zionean eta finantza merkatuak egonkortzeko neurriak hartzen hasi zenean, erabat apaldu zen hipotekadunen amesgaiztoetako protagonista. Hilabete luzez egon da ezkutuan, bizi den zantzurik erakutsi gabe. Baina, orain hilabete gutxi, itzultzea erabaki zuen; gelditzeko itzuli ere. Lasai antzera azaldu zen arren, aspaldian ez bezala nabarmendu da martxoan. Otsailaz geroztik %12,25 egin du gora eta hilabetea %1,924ko batez bestekoarekin agurtu du, azken bi urteotako mailarik handienean.

Interes aldakorreko hamar hipotekatatik zortzi kalkulatzeko erreferentzia da Euriborra. Horrenbestez, haren gorabeherek zuzenean eragiten diete etxebizitzak ordaintzeko maileguak dituzten herritarrei. Apirilean edo maiatzean hipoteka berrikustea tokatzen zaienek martxoko batez bestekoa hartuko dute kontuan; gainontzekoei, berriz, joera zein den ikusteko balioko die, inor ez baita libratuko kuota igoeretatik.

Martxoko datuarekin, %10 garestituko dira batez besteko hipotekak, hau da, 160.000 euroko mailegua 30 urtean itzultzeko eta %0,5eko diferentzialarekin dutenek hilean 57 euro gehiago ordaindu beharko dituztela; bestela esanda, urtean 684 euro gehiago. Zenbat eta amortizazio epe motzagoa izan, aldea orduan eta txikiagoa izango da, eta alderantziz. Adibidez: 160.000 euro 10 urtean itzuli behar dituztenei, %3,5 garestituko zaizkie kuotak; horrenbestez, hilean 51 euro edo urtean 612 euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Diru kopuru bera 50 urtean itzuli behar dutenek, berriz, %15,9ko igoera igarriko dute; horrek esan nahi du hilean 63 euro edo urtean 763 euro gehiago ordaindu beharko dituztela.

Gelditzeko itxurarik gabe

Martxoa %1,924ko batez bestekoarekin bukatu badu ere, hortik gora ibili da zenbait egunetan. %2ra ez da iritsi oraindik, baina atzo, esaterako, %1,996ra ailegatu zen. Eta azken egunotako martxari eusten badio, aurki gaindituko du %2ko muga hori ere.

Bi urte dira muga horretatik pasatu ez dela; krisiak eztanda egin aurretik eta eztanda egin osteko lehen hilabeteetan, ordea, hura zela bere esparru naturala. Hala ere, orduko testuinguruaren eta oraingoaren artean bada alde nabarmen bat: orduan, %2an zeuden euroguneko interes tasa ofizialak; orain, berriz, %1ean. Eta egunotan %2ra iritsiko balitz, hipoteketarako erreferentziak lehen aldiz bikoiztuko lituzke interes tasak.

Muga hori gainditzeak, beste ezer baino gehiago, esanahi sinbolikoa du, etapa berri baten hasiera irudikatzen duelako. %2aren azpitik ibiltzera kondenatu zuten ezohiko neurrien garaia bukatu dela adierazten du, euroguneko ekonomia bere onera itzultzen ari dela.

Izan ere, 2009ko martxotik maiatzera, erabaki harrigarriak hartu zituen EBZk. Diruaren prezioa inoizko mailarik txikienera jaitsi zuen, %1era —harrezkero maila horretan dirau—, eta 60.000 milioi euroren hipoteka zedulak erosteari eta banku eta kutxei maileguak emateari ekin zion, finantza sistemako likidezia bermatzearren. Neurri sorta horrek erabat apaldu zuen Euriborra, eta ez zen igotzen hasi EBZ ezohiko neurri haiek erretiratzen hasi zenera arte. Iazko martxoaren 30ean jo zuen hondoa, %1,211an, eta hilabete hura batez besteko apalenarekin bukatu zuen (%1,215).

Esaten da interes tasa ofizialak aurreikusten dituela Euriborrak, alegia, interesak igotzea espero denean hipoteketarako erreferentziak ere gora egiten duela. Egia da jokabide arraro samarra erakutsi duela zenbait alditan. Baina, ez da oraingo kasua. Oraingo igoerak Jean-Calude Trichet EBZko presidenteak martxoaren hasieran egindako iragarpen bat du oinarrian; inflazioa kontrolatzeko helburuarekin, apirilaren 7an euroguneko interes tasak igoko dituzten iragarpena, hain zuzen.

Hori esan eta hurrengo egunean inoizko igoerarik handiena izan zuen euriborrak eta iragarpena betetzera gorantz jarrituko du. Martxoan, euroguneko urte arteko inflazioa%2,6koa izan da, eta EBZren irudiko, %2 da egokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.