Hipotekak urtean ia bi mila euro merkatuko dira

Euribor indizearen urtarrileko batez bestekoa %2,622koa izan da, iazkoa baino ia bi puntu txikiagoa

jakes goikoetxea
2009ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Krisiaren erdian, Euriborraren jaitsiera da albiste on bakarra: hipoteka gehienak baldintzatzen dituen indizeak %2,622an amaitu du urtarrila, iazko urtarrilean baino ia bi puntu gutxiago (%4,498koa izan zen orduan). Ondorioz, hipoteka otsailean berraztertuko dutenek hilean lehen baino %20 inguru gutxiago ordainduko dute.

160.000 euroko hipoteka bat 30 urtean itzuli behar dutenek (hori da Hego Euskal Herriko batez besteko hipoteka), hipoteka otsailean berraztertuz gero, hilean 166 euro eta urtean 1.992 euro gutxiago ordainduko dituzte. Hipoteka ordaintzeko epea zenbat eta luzeagoa, jaitsiera are handiagoa da.

Euriborrak jada lau hilabete daramatza jarraian jaisten, eta 2005eko azarotik maila apalenean dago. Orduan hilabeteko batez bestekoa %2,684koa izan zen. Duela hilabete gutxi batzuetako datuekin alderatuta, Euribor indizea erdira jaitsi da: pentsa, iazko ekainetik urrira (biak barne) %5etik gorakoa izan zen.

Euriborra bankuek elkarri dirua uzten dioten prezioaren batez bestekoa da. Interes tasen jaitsierak eragin du Euriborraren beherakada. Azken hilabeteetan asko murriztu da bien arteko aldea, hau da, bankuek dirua erosten duten prezioaren eta elkarri uzten dioten prezioaren artekoa.

Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasen jaitsiera erabili du krisiari aurre egiteko tresna gisa. Iazko urritik lau aldiz jaitsi du diruaren prezioa, eta lau hilabetean %4,25etik %2ra pasatu da.

Eta jaisten jarraituko duela dirudi. EBZk urtarrilaren erdian erabaki zuen azken jaitsiera, eta orduan Jean Claude Trichetek aditzera eman zuen ziurrenik otsailean ez dutela diruaren prezioa merkatuko. Hala ere, martxokoa «hitzordu garrantzitsua» izango dela nabarmendu zuen, esku artean datu asko izango dituztelako. Aditu gehienek uste dute EBZk interes tasak %2tik jaitsiko dituela martxoan. Ondorioz, datozen hilabeteetan hipotekak berraztertzen dituztenek otsailekoa baino jaitsiera handiagoak izango dituzte.

%0,8ko inflazioa Espainian

Euriborraren jaitsieraz gain, badago beste berri onik: prezioak merkatzen ari dira. Espainiak atzo jakinarazi zuen inflazio harmonizatua urtebetean %4,4tik %0,8ra jaitsi dela, historian izan duen mailarik apalena. Inflazio harmonizatua euroguneko irizpideekin neurtutako inflazioa da. Hego Euskal Herriko inflazioa Espainiakoa baino puntu erdi altuagoa izan zen abenduan.



Zenbakia

%14,4

Aurrezte tasa. Euroguneko familiek diru sarreren %14,4 aurreztu zuten iazko laugarren hiruhilekoan. Azken lau urteetako tasarik altuena da, Eurostaten datuen arabera. Aurrezte tasa lau hamarren igo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.