Hipotekaren hileko kuota 200 bat euro merkatuko da

Iazko otsailetik aurtengo otsailera inoizko jaitsierarik handiena izan du Euriborrak, %2,214koa, eta orain %2,135ean dago indizea

2009ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Euriborraren aldapari begiratu besterik ez dago patrikak hartu duen eta hartu behar duen lasaitua nabaritzeko. Otsailean %2,135ean geratu da hipotekak kalkulatzeko erabiltzen den Euribor indizea. Iazko otsailean, berriz, %4,349an zegoen. Bi puntu baino gehiagoko jaitsiera hori, beraz, nabarmen ikusiko da hileko kuotetan. Martxoan berritu behar dutenek 200 bat euro gutxiago ordaindu beharko dute, lehen baino %20 inguru gutxiago.

Alegia, Hego Euskal Herriko batez besteko mailegua 160.000 eurokoa dela kontuan izanda, eta 30 urtean itzultzekoa, baldintza horiek betetzen dituzten herritarrei 201 euro merkatuko zaie hileko kuota, martxotik aurrera. Urtean, gainera, 2.400 bat euro aurreztu ahal izango dute. Hogei urtean bueltatu behar dutenei 184 euro merkatuko zaie hilean, eta 25 urtean bueltatu behar dutenei, 192 euro. Ordaintzeko epea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta gehiago merkatuko da kuota.

Zergatik martxoan? Euriborraren batez besteko emaitza hilabeteko azken egunean kaleratzen da. Baina Espainiako Bankuak hurrengo hilabeteko lehenengo egunera atzeratu du indizearen behin betiko emaitza kaleratzeko eguna. Beraz, finantza erakundeek aurreko hilabeteko indizea erabiltzen dute hipoteken zenbatekoa kalkulatzeko.

Otsailean bost hilabete bete ditu Euriborrak beherantz egiten. Denbora guzti horretan egun bakar batean baino ez du gora egin, otsailaren 19an. Hala eta guztiz ere, egun horretatik aurrera jaisten jarraitu du, eta interes tasen mailan kokatu da ia: %2an. Kopuru hori izan da, hain zuzen, Euriborrak inoiz izan duen mailarik txikiena. Duela sei urte izan zen hori: 2003ko ekainean.

Krisiaren zurrunbiloan Euriborraren berri onak luzaroan iraungo duela dirudi, Europako Banku Zentralak (EBZ) martxoan ere interes tasak jaisten jarraituko duela espero baitute adituek: %1,5era. Interes tasen arabera mugitzen da Euriborra: lehenengoak behera egiten badu, bigarrenak ere hala egin ohi du.

Iazko otsailarekin aurtengoak eraman duen %2,214ko aldea inoizko altuena izan da, baina aurrera begira ere marka gehiago hautsiko dituela aurreikus daiteke. Iazko ekainetik hasi eta urrira arte indizea %5eko mailatik gora mantendu zen. Hortaz, EBZak interes tasak jaisten segitzen baldin badu, aldeak otsailekoak baino handiagoak izango dira. Beraz, martxoan berrikusiko dutenek baino jaitsiera handiagoa izan dezakete kuotetan datozen hilabeteetan berrikusiko dutenek.

Hipoteka gutxiago

Iazko urte amaieran hasi zen beheranzko joera berri ona izan da hipoteka dutenentzat. Hala ere, hipotekarik ez dutenak ez zituen etxe bat erostera gehiegi animatu 2008an, urtean osoan altua izan baitzen Euriborra. Hori egiteko asmoa eduki zutenek, berriz, etxea erosteko ideia burutik kendu behar izan zuten, bankuek zailtasun handiak jartzen zituztelako kredituak emateko.

Joera hori ere ederki nabaritu da INE Espainiako Estatistika Erakundeak herenegun kaleratutako datuetan. Inkesta horrek ondorio argi bat utzi du: emandako hipotekak asko jaitsi zirela iaz Hegoaldean. Nafarroan, guztira, 100.000 biztanleko 2.661 hipoteka eman ziren, 2007an baino %28,8 gutxiago. Guztira, 12.951. Herrialde horretan izan du, hain zuzen, jaitsierarik handiena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 100.000 biztanleko 2.631 hipoteka eman ziren, eta%11,4 egin du behera. Araban, 8.215 mailegu onartu ziren, Bizkaian, 25.472, eta Gipuzkoan, 13.053.

Maileguak ez ezik, maileguan utzitako kopuruan ere nabaritu zen zertxobait aldaketa, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik: hipoteken batez besteko kopurua %9,4 jaitsi zen, 198.127 euro arte. Nafarroan, berriz, kontrakoa gertatu zen: %8,2 igo zen, eta 186.087 euro geratu zen batez bestekoa.

Abenduan ere urtean izandako joera nagusitu zen Nafarroan: 100.000 biztanleko 193 hipoteka eman ziren, iazko abenduarekin alderatuta %5,2 gutxiago. Guztira, 939 hipoteka eman ziren.Maileguan utzitako diruaren kopurua ere jaitsi egin zen (%0,3), urte osoan ez bezala. 154.729 euro izan zen abenduan Nafarroan emandako hipotekaren batez bestekoa.

EAEn, berriz, emandako hipotekak abenduan igo egin ziren, %23,2, eta 230 hipoteka eman ziren 100.000 biztanleko; guztira, 4.088. Hipotekak merkatzea izan daiteke arrazoietako bat; izan ere, %35,3 jaitsi zen maileguaren kopurua, 155.581 euroraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.