Hiriko auto elektrikoaren proiektuaren emaitza nagusien artean hiru patente daude. Udaren aurretik, horien gaineko eskubideak ordaintzeari utzi, eta liberatzeko arriskuan zeidela salatu zuen EH Bilduk. Salaketa horri jarraituz, Arabako Fiskaltzak ikerketa bat abiatzea erabaki zuen, ondasunen altxamendu delitua egon ote zitekeen argitzeko.
Gaur, patenteen egoerari buruz azalpenak eman ditu Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak, Eusko Legebiltzarrean. Tapiaren arabera, hiru patente horien jabetza ez da galdu. Horien gaineko eskubideak Afypaidarenak dira. Hiriko auto elektrikoa garatzeko asmoz sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da Afypaida.
Patenteak hiru dira, zehazki: gurpilak, autoaren tolesdura, eta gidaritza sistemari (drive by wire) dagozkio. Horietako bi garaiz berritu ziren, eta Afypaidaren eskuetan segitzen dute. Hirugarrenean, ordea, epetik kanpo egin zuen eskaera. Haatik, ez da oraindik liberalizatu, helegite bat jarri zuelako elkarteak. Helegitearen emaitza argitu arte, inork ez du sarbiderik patentera. Afypaidaren "utzikeriari" egotzi dio Tapiak eskaera garaiz egin ez izana.
Agerraldi eskaera EH Bilduk egina zuen. Igor Lopez de Munain koalizioko legebiltzarkidearen ustez, haien salaketak behartu du patenteei eusteko ahalegin azkarra. Hiriko eta Epsilon autogintza proiektuetan miloi publiko asko inbertitu ziren, eta baita galdu ere, proiektuek porrot egin ondotik. Patenteak liberalizatuta, proiektuaren emaitza nagusiak galtzeko arriskua sumatzen du koalizioak.
Hiriko bertan behera geratu zen, baina bertan parte hartu zuten hainbat enpresek auto elektrikoen sektorean jarraitzea erabaki dute, Tokiko izeneko proiektuarekin. Tapiak argudiatu du enpresa horien patenteak ez dutela talka egiten jatorrikoekin, "garatuagoak" daudelako. Aldiz, EH Bilduk uste du ia diru publiko hutsez finantzatu zen garapen teknologiko guztia orain etekin pribaturako geratuko dela.