Ekonomia

Hiru eguneko greba egingo dute Euskalteleko langileek

Enpresak azpikontratatu egin nahi du sistema unitate sailaren zati bat, eta horrek 40 langile kaleratzea eragingo duela diote langileek.

Miren Garate.
2013ko abenduaren 5a
12:50
Entzun

Euskalteleko langile batzordeak hiru eguneko grebarako deia egin du abenduaren 16, 17 eta 18rako. Enpresak sistema unitate sailaren bi herenak azpikontratatzea nahi duela diote, eta hala eginez gero, 40 lagun geratuko direla kalean.

Gaineratu dute Euskaltelek 9 milioi euro aurrezteko plangintza onartu duela, eta hori lan kostuak murriztuz, "langileen bizkar" egin nahi duela. "2008-2012 urte artean 179 miloi eurotik gorako irabaziak izan arren,irabaziak hazten jarraitzeko helburua dute Euskalteleko akziodunek, negozio unitate batzuk azpikontratatuz eta azpikontratatutako zerbitzuetan aurreztuz".

Iaz, Eusko Jaurlaritzak, Mondragonek eta Endesa Euskaltelen kapitaletik atera ziren, eta bere parte hartzea txikitu zuen Kutxabankek. Gaur egun, honela dago osatuta telekomunikazio konpainiako partaidetza: Kutxabankenak dira enpresaren akzioen 49,9%, International Cable B  Herbeheretako inbertsio funtsarenak %48,10 eta Iberdrolarenak %2.

Telefonia mugikorrean aldaketa handiak datozela ohartarazi du konpainiak. Azaroaren hasieran, Alberto Garcia Erauzkin konpainiako presidenteak onartu zuen epe motzean salerosketak eta bat egiteak izango direla telefonian, berrikuntza teknologikoen eta prezioen beherakaden ondorioz bizkor eraldatzen ari den sektorea delako. Operazio horietako batzuetan «protagonista» ez ezik «lider» ere izan nahi duela esan zuen, «ongi kudeatutako» enpresa delako.

Euskaltelen beste berritasun bat da datorren urtean Vodafoneren sarea baliatzeari utziko diola eta berriro ere Orangerena (lehen Amena) erabiltzen hasiko dela. Orangerekin aurretik zuen harremana hausteak eragin zuen, hain zuzen ere, Frantziako multinazionalari kalte-ordaina ematea. Epaileek ulertu zuten Euskaltelek Orangerekin haren EAEko adarra izateko zuen kontratua hautsi zuela. Euskaltelek, berriz, Orangeren sakelakoetarako sarearen erabiltzaile soil gisa ikusten zuen bere burua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.