Gipuzkoako eta Bizkaiko hiru enpresatik batean dituzte gaixo agiria jaso duten edo berrogeialdian dauden langileak. Datu horretan bat datoz Gipuzkoako eta Bizkaiko merkataritza ganberak. COVID-19a enpresetan izaten ari den eragina aztertzeko inkesta bana egin dute, eta alor batzuetan ere oso antzeko ondorioak atera dituzte.
Enpresek egindako salmentena da bietan errepikatzen den beste puntu bat: nazioartera esportatzen duten bitik batek aitortu du %20ko galerak izan dituztela alarma egoera ezarri zenetik igarotako lehen egunetan. Bizkaiko ganberak ohartarazi du kopuru hori «are handiagoa» dela beste sektore batzuetan; bereziki, merkataritzan eta ostalaritzan, baina ez du daturik zabaldu.
Bi ganberen artean 2.500ndik gora enpresa kontsultatu dituzte astebetean, eta emaitzak erakunde publikoei helaraziko dizkiete, «neurri egokiak hartzeko ahalik eta informazio gehien izan dezaten».
Adierazi dute krisiaren ondorioak «agerikoak baino gehiago» direla; oso antzekoak dira bi lurraldeetan; adibidez, hamar enpresatik zazpik aitortu dute ekoizpena murriztu dutela edo eskaerak baliogabetu egin behar izan dituztela. Bitik batek hornidura eta logistika arazoak ditu.
Enpresen %50 erregulazioan
Lan kontratuen inguruan, soilik Gipuzkoako Ganberak eman ditu datuak: azaldu duenez, denbora honetan, enpresen %49k aurkeztu dute enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea, eta %40k erabat gelditu behar izan dute jarduera. Halaber, hamar enpresatik lauk (%42) murriztu egin dituzte aldi baterako kontratazioak, eta %28k ez zituzten berritu martxoan amaitzen ziren lan kontratuak. Enpresen %28k soldatak ordaintzeari utzi diote.
Enpresen antolaketa neurriei buruzko datuak ere eman dituzte bi erakundeek, eta oso antzekoak dira emaitzak. Hamarretik seik ordutegiak malgutzeko eta txandak mailakatzeko neurriak hartu dituzte, eta beste horrenbestek telelaneko orduak ezarri edo handitu dituzte. Halaber, bitik bat behartuta egon da bere jarduera baldintza zezakeen segurtasun ekipamendua erabiltzera.