EKONOMIA

Hiru enpresatik batek ohiko salmenta maila berreskuratu du Nafarroan

Bereziki industria eta eraikuntza sektoreek nabaritu dute susperraldia. Enpleguaren inguruko aurreikuspenek susperraldi txiki bat islatzen dute.

Iruñeko Landabengo poligonoko enpresa batzuk, itxita, iazko udaberrian. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko abuztuaren 26a
13:07
Entzun

Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) egiaztatu duenez, urteko bigarren hiruhilekoan suspertu egin da lurraldeko ekonomia, aurreko hiruhilekoan izandako motelaldiaren ostean. Industria eta eraikuntza sektoreengatik izan da batez ere, pandemiaren aurreko egoerara itzultzea lortu baitute ia. Zerbitzuen sektorea, berriz, 2019ko mailatik urrun dago oraindik.

COVID-19ren eraginari buruzko inkestaren arabera, irekitako enpresen %47,8k beren jardueraren %90 edo gehiago mantentzen dute. Gainera, hiru enpresatik batek ohiko salmenta maila berreskuratuko du dagoeneko. Zerbitzuen sektoreak du atzerapen handiena: 2022tik aurrera suspertzea espero dute bi enpresatik batek.

Bestalde, enplegua egonkortzen ari dela nabarmendu du Nastatek. Azken hiru hilabeteetan, enpresen %84,5ek eutsi egin diote lantaldeari: %5,8k handitu egin dute, eta %9,7k, murriztu. Estatistika institutuaren arabera, enpleguaren inguruko aurreikuspenek susperraldi txiki bat islatzen dute.

Telelana, gutxiago

Aurrez aurreko lana %92,8koa da gaur egun, eta denborak aurrera egin ahala telelana murrizten ari da: bigarren hiruhilekoan %4,8koa izan da. Ehun langile edo gehiagoko enpresetan erabiltzen da bereziki.

Aldi baterako erregulazioan dauden langileen ehunekoak zertxobait behera egin du 2021eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %3,6tik %2,4ra, batez ere zerbitzuen sektorearen eta industriaren bilakaeraren ondorioz.

Inbertsio aurreikuspenei buruz, Nastatek dio hobetu egingo direla, batez ere enpresa handietan: eraikuntza sektorekoen % 92,2k inbertsioei eutsiko dietela uste dute, zerbitzukoen %82,3k, eta industriakoen %81ek.

Enpresek gehien baloratutako laguntza neurriak zerga ordainketen atzeratzeari buruzkoak eta gizarte segurantzari lotutakoak dira oraindik ere. Enpresariek uste dute koronabirusaren krisia dela-eta hainbat eraldaketa egin beharko dituztela euren negozioetan; digitalizazioarekin loturikoak, bereziki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.