Zorraren krisia. Europaren erantzuna

Hiru erabaki, hamaika galdera

Greziaren zorraren erdia barkatzeko eskatu diete bankuei; bankuak kapitalizatuko dituzte; eta EFSF indartuko duteBurtsek bibaka eta txaloka hartu dute akordioa, baina zehaztasunak falta dira

jakes goikoetxea
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Esaera batek dio deabrua zehaztasunetan dagoela. Euroguneko agintariek atzo ordu txikietan zorraren krisiari aurre egiteko onartutako akordioaren kasuan, bai. Akordioa ona izango baita, zehaztasunen arabera. Oraingoz, zalantzak dira nagusi.

1. Zer erabaki dute?

Hiru erabaki nagusi hartu dituzte: alde batetik, Greziaren zorraren hartzekodun pribatuei —bankuei, funtsean— eskatu diete onar dezatela Greziak zor dien diruaren %50 galtzea, Greziari zorraren erdia barkatzea (100.000 milioi euro inguru); bestetik, bankuak oinarrizko kapital handiagoa (%9) edukitzera behartuko dituzte, Greziaren zorraren %50eko galerei eta etorkizuneko galerei aurre egiteko; eta, azkenik, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren (EFSF) laguntza ahalmena handituko dute.

2. Zein da Greziari zorra barkatzearen helburua?

Greziaren zorra onargarria izatea, barne produktu gordinaren (BPG) %120koa 2020an. Greziak 2020an zor merkatuetara bueltatu ahal izatea nahi dute, dirua bere kabuz lortu ahal izateko.

Alemaniak ezinbesteko baldintza bat jarri zuen Greziari bigarren erreskatea emateko: hartzekodun pribatuek erreskatean parte hartzea, galerak onartuz. Uztailean %21eko galera onartzeko eskatu zieten; urrian %50ekoa.

3. Zeren truke?

Zorraren erdia ez diote musu truk barkatuko. Greziak ziurtatu beharko du hartzekodunek zorraren gainerako erdia kobratuko dutela. Euroguneak 30.000 milioi euroko bermea eskaini die hartzekodun pribatuei.

Greziari onartutako neurriak aplikatzeko eskatuko diote: gastuak murriztu, zergak handitu eta ondasun publikoak saldu. Orain arte ez du lortu, eta Greziako ekonomia itota dago. Aurreikuspen guztiek huts egin dute, eta nahikoa lan du utzi dioten dirua bueltatzeko.

Greziak otsoa etxean edukiko du 2012an: troikak (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) bulego bat edukiko du Atenasen, Greziak erreskatearen truke agindutako neurriak betetzen dituela etengabe ziurtatzeko.

Ekonomia suspertzen ez bada, arazoak hor jarraituko du, baita 2020an ere. Gainera, inork ezin du ziurtatu Greziarentzat BPGaren %120ko zor publikoa onargarria eta eramangarria denik.

4. Hartzekodunek gogo onez onartuko al dute?

Ikusteko dago zenbat bankuk onartuko duten Greziari zorraren erdia barkatzea. Halako kasuetan esan ohi da hartzekodunek beren borondatez onartzen dutela zor zaien diruaren zati bati uko egitea; baina ez da borondatezko erabakia izaten, behartua baino. Datozen egunetan zehaztu beharko dituzte baldintzak, eta, halako kasuetan, zehaztasunei buruzko negoziazioak zailak izan ohi dira.

Zor bonuek aseguruak izan ohi dituzte, zordunak ordaintzen ez duenean hartzekodunak kobratuko duela ziurtatzeko. Credit default swap-ak (CDS) dira. Beraz, bankuek zergatik onartuko dute inbertsioaren erdia galtzea, aseguruen bidez osoa jaso badezakete? Eta zer esango dute, beste behin, kalifikazio agentziek operazioaz?

5. Eta hartzekodun publikoak?

Greziaren zor publikoa 350.000 milioi euro ingurukoa da. Hartzekodun pribatuek 210.000 milioi euro inguru dituzte; publikoek, 140.000 milioi euro. Hartzekodun publikoek ez dute galerarik onartu.

6. Beste herrialderen batean aplikatukoal da?

Euroguneko agintariek esan dute Greziarena salbuespenezko neurria dela, baina eurogunea eta bertako hainbat herrialde salbuespenezko egoeran daude.

7. Nola aldatuko dute EFSF?

EFSFren dirua herrialde arazotsuen zor jaulkipenak bermatzeko erabiliko dute. Funtsak, berez, 440.000 milioi euro ditu. Erabilgarri, 200.000-250.000 milioi euro, zenbait herrialderentzako erreskateak onartu eta gero: Greziari bi, eta Irlandari eta Portugali bana. Diru horrekin bermatu egin nahi dute herrialdeek jaulkiko duten zorraren zati bat. Ez dute esan zenbat, baina %20 inguru izan daiteke.

Alegia, herrialdeei bilioi bat euro inguru jaulkitzea ahalbidetuko die, EFSFren bermearekin. Teorian, horrela, herrialdeek dirua interes apalagoak eskainiz lortuko dute zor merkatuetan, eta hartzekodunentzat herrialde horien zorra erakargarriagoa izango da, inbertsioaren zati bat bermatua dutelako.

Horrez gain, inbertsio tresna bat sortuko dute EFSF indartzeko eta gorabidean diren herrialdeen dirua erakartzeko. Diruarekin maileguak eman, bankuak kapitalizatu eta zor bonuak erosi nahi dituzte.

8. Zenbateko indarra du EFSFk?

Ez da dirudien bezain indartsua. Euroguneko agintariek bilioi bat euroko ahalmena aipatu dute, zenbaki potoloa eta biribila; baina gutxiago izan daiteke. Oraindik zehaztu gabe dago benetan zenbat diru geratzen zaion EFSFri. Aintzat hartu behar da kapital premia duten bankuek EFSFra jo ahal izango dutela diru eske, merkatuetan eta gobernuen planetan lortzen ez badute. Eta, gainera, uztailean onartutako aldaketen arabera, EFSFk herrialde arazotsuen zor bonuak erosiko dituela zorraren bigarren mailako merkatuetan. Beraz, uste baino diru gutxiago izango du.

Gainera, euroguneko agintarien mezua zalantzagarria da. Egia da teorian bankuek Greziari zorraren erdia barkatzea onartu dutela; baina eurogunearen mezua da gauza gehiago eta lehen baino hobeto egingo dituela, diru gehiago jarri gabe edota baita diru gutxiagorekin ere. Eta Europako Banku Zentralak (EBZ) parte hartu gabe.

9. Zer-nolako eragina izan du akordioak?

Merkatuen berehalako azterketa gainditu du, euforia zabaldu baita. Baina burtsak errusiar mendiak dira. Atzo igotzea tokatu zen: Parisko CAC-40 %6,28, Euro Stoxx-50 %6,08, Frankfurteko Dax %5,35, Madrilgo Ibex-35 %4,96 (BBVA %10,21), New Yorkeko Dow Jones %3 inguru eta Londresko FTSE-100 %2,42. Espainiaren arrisku saria 31 puntu jaitsi zen, 312ra, eta Italiarena 22 puntu, 366ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.