Hiru eurotik bat etxeko gastuetarako erabiltzen da Hego Euskal Herrian

INEren arabera, 33.868 euro gastatzen ditu EAEko etxe bakoitzak; 34.623 euro Nafarroakoek

Miren Garate.
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Alokairua, ura, gasa, zaborra, argindarra, mantentze gastuak, etxepeko kuotak eta etxebizitzarekin lotutako beste faktura guztiak kontuan hartuta, ia etxeko aurrekontuaren herena joaten da Hego Euskal Herrian. Hau da, etxebizitzako gastuetan gastatzen da familien aurrekontuaren zati nagusia. Haren atzetik, janari eta edariak erosteko erabiltzen da diru gehien, eta hirugarren lekuan, garraioarekin lotutako gastuak daude, norbere ibilgailuak eragiten dituen kostuak barne.

Etxeko aurrekontuaren banaketari buruzko datuak eman ditu INE Espainiako Estatistika Erakundeak, 2010ekoak. Haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeek, batez beste, 33.868 euro gastatu zituzten joan den urtean; Nafarroakoek, zertxobait gehiago: 34.623 euro. 2009ko datuekin konparatuta, ez dago alde handirik. %1,8 gehiago gastatu zuten EAEko etxeek, eta %0,5 gutxiago Nafarroakoek.

Gastua ia ez da aldatu, baina arlo bakoitzean erabilitako diruan badago aldea. Hezkuntzara eta garraiora bideratutako aurrekontua nabarmen hazi da Hego Euskal Herrian. Diru gehiena etxeko gastuei aurre egiteko erabiltzen den arren, hor ez da aparteko alderik egon. %3,7 gehiago gastatu dute Nafarroan eta %0,4 gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aipagarria da, Nafarroan, osasun arloko gastua dezente jaitsi zela joan den urtean: %9,8.

Banakoen datuak ere bai

Etxeetako gastuaz gain, pertsona bakoitzaren batez bestekoak ere atera ditu estatistika erakundeak. 13.634 euro gastatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; horietatik 4.479 euro, etxeari lotutako fakturetan; %32,85, hain zuzen. Nafar bakoitza, berriz, 13.263 euroko aurrekontua izan zuen, eta horretatik 4.074 euro gastatu zituen etxeari lotutako gastuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.