Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Izkotik ari dira zirkulazioa bideratzen. Errepidearen 30. kilometro puntuan gertatu da istripua, Alduate parean. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, ibilgailu batek mantentze lanetako langileak harrapatu ditu. Bi langile eta auto gidaria dira hildakoak. Geea Geologos enpresako langileak dira hildakoetako bi.
Luis Zarraluki Nafarroako Sustapen kontseilaria Izkora zuzendu da, istripua izan den tokira. Azaldu duenez, Foruzaingoa ibilgailuaren abiadura ikertzen ari da; behelainoa eta errepide irristakorra ere aipatu ditu istripuaren balizko eragile gisa.
11:35etan jaso dute abisua larrialdi zerbitzuetan, eta Zangozako bi anbulantzia, suhiltzaileak, psikologo talde bat eta Foruzaingoa joan dira ezbeharra gertatu den lekura.