Hiru zauritu Baionan gizon batek autoarekin Jaka Horien kontra egin ostean

Baionako Grand Basque gunean izan da gertakaria. Gizona atxilotu egin du Poliziak. Jaka Horiak, erregaiaren prezioaren igoerarengatik protestan, mobilizazioak egiten ari dira Lapurdiko errepideetan. Bideoa: albistearen barruan. [youtube]https://youtu.be/_RqDN-9Z8Tc[/youtube]

Jaka horidun protestariak Baionan, errepidea blokatzen. BOB EDME.
2018ko azaroaren 17a
08:12
Entzun

Euskal Irratiek esan dutenez, Jaka Horien protestaren inguruan gertakaria izan da Baionako Grand Basque gunean. Gizon batek autoarekin blokatzearen aurka egin eta hiru lagun zauritu ditu. Horietatik bi ospitalean daude. Gizona atxilotu egin du Poliziak.

Frantziako Estatu osoan ari dira protestan hainbat herritar, jaka horiak jantzita, erregaiaren prezioaren igoera dela-eta. Euskal Herrian ere izan dira mobilizazioak. Lapurdin, esaterako, Baionan, Angelun eta Miarritzen elkartu dira, eta trafikoa oztopatu dute zenbait gunetan. Mugimendu "apolitikoa" dela esan dute parte hartzen ari direnek.

Laure Leuze da protestan aritu direnetako bat. Terapeuta da Angelun, eta ahala azaldu dio BERRIAri kalera irtetearen arrazoia: "Erregaiaren gaia gasolina depositua gaindiarazi duen tanta izan da. Zergek itotzen gaituzte. Bozkatzen ari diren lege guztiek egiten dute aseak garela. Denen geroa dago hor jokoan". Antzeko ildotik jo du Monica Ciancillak ere —idazkaria da Angelun—: “Ingurumena zaindu behar dela argi dut, baina egoera ez da hobetu erregaia zergapean ezarriz. Zergaitik ez dute zergapean ezartzen kerosenoa? Zergaitik beti gu gaituzte ezartzen zergapean? Gu, ttipiok?".

 

Frantzia hego-ekialdeko Pont-de-Beauvoisin herrian, hildako bat ere izan da. Jaka horiarekin protestan ari zen 50 bat urteko gizon bat zendu da, auto batek harrapatuta. Errepidea blokatua zen arren, aurrera egin eta manifestarien aurka jo du gidariak, antza. Atxilotu egin du Frantziako Poliziak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.