Goizaldean itxi dute hirugarren erreskaterako akordioa Greziak eta hartzekodunek. Abuztuaren erdi alderako espero zen hitzarmena, 18 orduren bueltan adostu dute. Euklides Tsakalotos Finantza ministroak azaldu duenez, "xehetasun gutxi batzuk" soilik geratzen dira zehazteke. Negoziazioak biharko amaituta egotea espero dute agintariek, hala, Parlamentuan bozkatu ahal izateko.
Aldagai iraunkor baten moduan mantentzen zen Alemania eta Greziaren arteko interes kontrajarria erreskatearen ariketan. Berlinek ez zuen presarik 86.000 milioi euroko erreskatearen memoranduma ixteko; lehentasuna mamiari ematen zion, eta ez zuen baztertzen beste kreditu zubi baten aukera. Atenasek, berriz, lehenbailehen itxi nahi zuen erreskatearen kontratua laukoarekin (EB, EBZ, NDF eta ESM), EBZri hilaren 20an pagatu behar dizkion 3.400 milioi euroen itzala luzea baita oso, eta erreskatearen lehen zatia lotu nahiko luke egun gutxi barru, 24.000 milioi euro.
Aste honetan bertan akordioa itxita, Atenasek gutxienez 20.000 milioi lortuko lituzke eurotaldearen oniritzia tarteko, eta zorrei aurre egiten hasiko litzateke. 10.000 milioi bankuak birkapitalizatzeko lirateke; 7.200 milioi uztailean Europak emandako kreditu zubia itzultzeko; eta beste 3.000 Nazioarteko Diru Funtsarekin eta EBZrekin dituen zorrak pagatzeko. 20.000 milioitik gora jasoz gero, gainerako dirua Greziako Estatuak bere hornitzaileekin dituen zorrak ordaintzeko erabiliko litzateke.