Hiruhilekorik okerrena hastear dago

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen berriek diote aurten beste 17.500 lanpostu galduko direla

Iker Aranburu.
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ekonomiak berriro goranzko joera hartu duela dioten erakusleekalbo batera utzi dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Eusko Jaurlaritzaren azken aurreikuspenen arabera, bihar hastera doan bigarren hiruhilekoa izango da urteko okerrena, BPG barne produktu gordina %1,6 txikituko baita, urte osoan baino hiru hamarren gehiago. Langabeziarentzat ere hiruhileko txarra izango dela espero du Jaurlaritzak, urtearen joanean galduko diren 17.500 lanpostuen zati handi bat orain desagertuko delako.

Azaroko aurreikuspenak ezerezean utzi ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren azken taulak. Orduan %0,7ko hazkundea zena %1,3ko atzerakada bilakatu da. Bi puntuko okertze horrek auzitan jarri du aurtengo aurrekontuak betetzeko aukera, eta horregatik erabaki zuen Jaurlaritzak duela aste batzuk 400 milioi euro «badaezpada ere» ez gastatzea. Diru hori nondik kenduko duen ez du azaldu oraindik. Ezta zer beste neurririk hartuko duen ere aurreikuspenen okertzeari moldatzeko.

Urtearen amaiera, txukunago

Uda ondoren Europako ekonomia berriz hazten hasiko dela zabaldu dute Europako Batzordeko iragarpenek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzeraldiaren erritmoa mantsotzeko balioko dute urteko hirugarren eta laugarren hiruhilekoek, hurrenez hurren %1,4ko eta %1,2ko atzerakada espero baitu Jaurlaritzak.2013ko bigarren hiruhilekora arte itxaron beharko da BPGak urte arteko emaitza positiboak emateko, eta apalak oso: 0,1eko hazkundea baizik ez.

Bi dira erorketaren arrazoi nagusiak. Batetik, kapitalaren osaera gordina —inbertsioa— %3,7 txikituko da aurten. Iaz beste %6 utzi zuen, eta %15,2 aurreko urtean. Egoera ekonomikoari buruzko beldurrak inbertsioak uxatu ditu.

Bestetik, gastua murrizteko politika gogorrek %2,5 gutxituko dute kontsumo publikoa. Horri gehitu behar zaio kontsumo pribatua berriro atzerantz egingo duela, langabeziaren hazkundeak eta krisiak sortzen duen beldurraren ondorioz. Iazko %0,9ko hazkundeari %0,3ko txikitzeak jarraituko dio aurten.

Barne eskari motela konpentsatu ahal izan zuten iaz esportazioek. Iazko udan, ostera, modu bortitzean geratu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren bazkide komertzial nagusietako ekonomiak ere, eta horrek kalte egin die esportazioei. Jaurlaritzak uste du joera hori indartu egingo dela aurten eta, ondorioz, kanpo eskariak BPGari egiten dion ekarpen positiboa apaldu egingo dutela: %0,5ekoa izango da urtarriletik martxora, baina %0,2koa baizik ez urte osoan.

Ekonomiaren moteltzeak eta gastu publikoaren murrizketak kalte handia egingo diote enpleguari ere. Aurten enplegua %1,8 jaitsiko dela kalkulatu du Ekonomia Sailak, hau da, 17.500 lanpostu inguru. Langabezia tasa batez beste %12,1koa izango da. Eustaten arabera, %11,2koa zen 2011ko laugarren hiruhilekoan. Ez da inolako hobekuntzarik espero urtearen joanean, %12,2koa iragarri baitu Jaurlaritzak urteko bigarren erdirako.

Sektoreei erreparatuz gero, denek egin behar dute behera, lehen sektoreak buru dutela (-%19,7). Bosgarren urtez jarraian eraikuntzak pisua galduko du (-%,6,2), eta iaz berreskuratutakoa galduko dute industriak(-%1,9) zein zerbitzuek (-0,3).

Espainiako Gobernuak %1,7ko jaitsiera iragarri du eta %0,3koa euroaren eremuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.