CNTC Espainiako garraio enpresen patronalak Gipuzkoako errepideak ixteko deialdia egin du, urtarrilaren 2tik 5era. Horren bidez salatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 errepidean kamioientzat ezarri nahi duen bidesaria. Protesta horretan ez parte hartzea erabaki du gaur Hiru sindikatuak, Ordizian (Gipuzkoa) egindako batzar batean.
"Helburua bada Gipuzkoako Aldundiari presio egitea bidesaria indarrean jar ez dezan, berandu dator", ziurtatu du Hiruk, agiri baten bidez. "Urtarrileko lehen astetik hasiko dira kobratzen, bai ala bai".
Protestaren helburua bada bidesaria ez dezatela kamioilariek ordaindu, baizik eta haiek kontratatzen dituztenek, orduan ere lanuztea "berandu" datorrela nabarmendu du Hiruk. "Garraiolariek dagoeneko negoziatu dute kargadoreekin kostuak beren gain har ditzaten. Batzuek lortu dute; beste batzuek, ez". Sindikatuak uste du kontratatzaileek ordaindu beharko luketela, "haiek baitira, azken finean, trafikoa eragiten dutenak, eta merkantziaren mugimendua baldintzatzen dutenak".
Hiru ez da guztiz fio CNTCren asmoekin. Izan ere, protestara "ia jarduerarik gabeko aste batean" deitu dute. "Badirudi gehiago dela beren garraiolarien aurrean justifikatzeko saio bat benetan irtenbideak bilatzeko saio bat beharrean".
Ordainlekuak
Azken hilabeteotan ordainsaria kobratzeko arkuak jarri ditu Aldundiak, Etzegarate gainean, Andoaingo Bazkardoko errebueltan eta Astigarragan. Ordainsaria ordaindu behar dutela dioten kartelak ere jarri ditu azken orduetan. Ordainketa telematikoa izango da, hots, kamioiek ez dute geratu beharko: Via T sistema darabilten kamioiei zuzenean kobratuko zaie, eta besteek AT sistemaren txartela erosi beharko dute. AP-8an (Oiartzun), G-20an (Aritzeta), N-1ean (Alegia eta Etzegarate) makinak jarriko dituzte horretarako. Kamioi handiek 0,69, 3.96 eta 2.93 euro ordaindu beharko dituzte Andoain, Irun eta Etzegarateko arkuen azpitik pasatzen diren bakoitzeko; 3.500 eta 12.000 kilo arteko kamioiek, berriz, 0,56, 3,20 eta 2,36 euro pagatuko dituzte tarte horiek.
Gipuzkoako Aldundiak argudiatu du ordainsari horien bitartez ordainarazi nahi diela atzerriko kamioei N-1eko konponketak ekartzen dituen kostuak. Bere kalkuluen arabera, egunero errepide horren Gipuzkoako zatia gurutzatzen duten 12.000 kamioietatik erdia baino gehiago dira kanpokoak.
Hiruk, ordea, aurpegiratu dio aldundiari bidesaria batez ere bertako kamioilariek ordainduko dutela, haiek direlako errepide horretatik gehien igarotzen direnak. "Gipuzkoarren arteko bazterketa eragiten ditu sistemak: bertako garraiolariek zerga bidez ordaindu dituzte azpiegiturak, eta orain berriro ordaindu beharko dituzte".
Berria-ri berriki eskainitako elkarrizketan, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak gogorarazi zuen Europako Batasunak ez diela uzten tokiko garraiolariak ordainketaz salbuestea.