Athleticen historia (Caparrosek dixit), ekonomiarena (Kydland eta Prescottek dixit) nahiz burtsarena (txerritxo ehiztariek esana) ziklikoak dira. Noiz gora, noiz behera. Baina Bilbao-2000 jaio zenetik ia bigarren mailan bizi da (Alavesen gisan) eta Ibex-35ek (+%1,33) beheraldi nabarmenak izan dituen arren, 11.000 puntuen langa gainditu du berriz. Ezkortasuna eta kezkak pasata, interes tasak baxutik ikusita (Grezia bezalako salbuespenak salbuespen, noski) errenta aldakorrari heldu diote berriz (Gurpegi Athleticen hamaikakoetara itzuli den gisan). Baina Espainiak lau milioi langabe omen ditu, eta ziklo latza da hori. Bat-egiteen zurrumurruak ere ziklikoki sortzen direnez, bestelako datu makroekonomikorik gabeko eguna joan zen: 2.382 milioiren salerosketa, laurdena pasa Santanderren (+%2,36) akzioetan, %1,9na pasako igoerak Repsol eta Sacyrren kasuan eta %3na pasako irabaziak Bolsas y Mercados, Enagas, Gamesa eta Iberiak.
Renta 4 (=) balio agentziko buru Juan Carlos Uretaren ustez, badira 50 enpresa inguru MAB edo Mercado Alternativo Bursatilean kotizatu nahi dutenak. Bankuen mailegurik ezean, finantzaketa alternatiba ona da burtsa. Iaz 6,2 milioi euro irabazi zituen Renta 4k.
IEE Espainiako ikerketa ekonomikoen institutuko buru Juan Iranzok 2013ra arte ez du etxebizitza berrien eskaria handitzerik espero. Datozen hilabeteetan banku eta kutxek higiezinak saltzeari ekitea espero du, eta, ondorioz, etxeen prezioak %30 jaistea.
Historia ziklikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu