Uztailaren 7a gero eta gertuago dago, eta horregatik presioa areagotu behar dela azpimarratu du LAB sindikatuak. Izan ere, epe hori baino lehen hitzarmenak berritzen ez badira, aurrerantzean maila orokorragoetara jo beharko dute langileek euren lan baldintzak negoziatzera. Eta hitzarmen “duinak” lortzeko bidean, mobilizazioaren bidetik joko du sindikatuak, Garbiñe Aranburu ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko idazkariak adierazi duenez. Hain zuzen ere, hilaren 21 eta 28rako hitzarmenak berritzeko borrokan dabiltzan sektoreetarako mobilizazioak, grebak eta lanuzteak iragarriko ditu sindikatuak. “Egoera bakoitzaren arabera, zehazten joango gara nola mobilizatu”.
Hitzarmenak berritzeko borrokan, ordea, sindikatuen artean ez dago estrategia bateraturik. Eta ELAri egin dio erreferentzia. “Ados gaude mobilizatu behar dela, baina euren estrategiarekin ez dugu bat egiten”. Izan ere, ELAk enpresako hitzarmenak hobetsi ditu, eta LABek, berriz, negoziazio “integralak” egingo dituela esan du. “Ez dugu bat egiten enpresetan bakarrik negoziatzearekin”. Izan ere, enpresako hitzarmenak adosteko garaian sektorekakoek ere garrantzi handia daukatela esan du Aranburuk. Horregatik, enpresakoari ateak itxi gabe, sektoreko borrokarekin ere bat egin dezala eskatu dio ELAri.
Joan den maiatzaren 24an gertatu zen bezala. Ordukoan, Gipuzkoako metalean sindikatu guztiek bat egin zuten deialdiarekin, mobilizazioak euren aldetik egin zituzten arren. “Orain ez du bat egin hilaren 21eko lanuztearekin; jarraitzaileei horretarako arrazoiak azaldu beharko dizkie”, esan du Asier Imaz sindikatuko industria federazioko idazkariak. ELAk, hain zuzen ere, ekainaren 21erako ere lanuzteetara deitu du, baina hitzarmena izenpetu gabeko enpresetan soilik.