Hitzordua ogasunarekin

Bizkaitarren erdiek jasoko dute aurrez prestatutako errenta aitorpena, eta %95ek onartuko dute

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Krisiak krisi, Hego Euskal Herriko milaka lagunentzat administrazioarekin kontuak egiteko eguna hurbiltzen ari da. Dagoeneko, lau lurraldeetako ogasunek aurrez prestatutako aitorpenak bidaltzeari ekin diote, eta, proposamenarekin ados daudenek laster jasoko dute dagokien dirua.

Orotara, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 1,3 milioi lagun inguruu egin beharko dute aurten errenta aitorpena. Lau administrazioen artean, 900 milioi euro baino gehiago itzuliko dizkiete herritarrei. Errentaren kanpaina, ohi bezala, ezaugarri eta epe desberdinak izango ditu herrialde bakoitzean.

Bizkaia

Maiatzaren 4tik ekainaren 30era bitarteko epea izango dute 600.000 bizkaitarrek errenta aitorpena egiteko. Horietatik, erdiek inoiz baino errazagoa izango dute, Foru Ogasunak aurrez prestatuko errenta aitorpena jasoko baitute. Joan den astean ekin zioten 250.000 proposamen postaz bidaltzeari eta, hartzekoa suertatuz gero, onartzen dutenek maiatzaren lehenengo astean jasoko dute dirua. Urtero, proposatutako aitorpenen %95 onartzen dira Bizkaian.

Aurten lehenengoz, Interneten zerga datuak kontsultatzen dituzten 50.000 lagunek proposamen bat aurkituko dute aldunduaren webgunean. Etxean aztertu eta baieztatu zein ezeztatzeko aukeran izango dute.

Aurreikusitako errenta aitorpenetatik, hamarretik zortzi hartzekoak izango direla eta administrazioak 538 milioi euro itzuliko dituela jakinarazi zuen atzoBizkaiko Ogasun diputatu Jose Maria Iruarrizagak. Herritarren %18ek, aldiz, ordaindu beharko dute eta Ogasunak 224 milioi euro biltzea espero du hauengandik.

Aurtengo berritasun nagusia, Iruarrizagak esan zuenez, ondarearen gaineko zerga desagertu izana eta iaz agindutako 400 euroko kenkaria izango dira.

Nafarroa

Inoizko errenta kanpainarik goiztiarrena abiatu du aurten Nafarroako Ogasunak. Izan ere, apirilaren 21etik ekainaren 23ra bitarte luzatuko dute aitorpena egiteko epea. Gainerako lurraldeeetan bezala, aurrez prestatutako aitorpenak jasoko dituzte nafarrek datozen egunetan, aitorpena egin behar duten 223.450 lagunen erdiek baino gehiago.

Errenta aitorpenen %80 inguru hartzekoa izango da. Nafarroako Gobernuak 87,7 milioi euro bueltatzea espero du, aurreko urtean baino 25,4 milioi gehiago. Nafarroako Gobernuko Ogasun sailburu Alvaro Mirandak 440 euroko kenkariaren garrantzia azpimarratu du. Lurralde honetan, alabaina, zerga ordaintzaile bakoitzaren diru sarreren arabera jasoko dute dirua. 189.000 nafarren errenta aitorpenetan eragingo du iaz onartutako neurriak.

Iaz 11.250 eurotik gorako laneko errentak izan zituztenek egin behar dute aitorpena, baita bestelako sarrerak jasotzen dituztenek. Kenkari berriei esker, iaz baino 15.000 lagun gutxiagok ordainduko dute PFEZ zerga.

Araba

Iaz baino 5.770 errenta aitorpen gehiago jasotzea espero du Arabako Foru Ogasunak aurten. Itzuli beharreko dirua, halaber, gora egingo duela aurreikusi du: 122 milioi euro itzuliko ditu aurten administrazioak, 2007an baino 23,2 milioi gehiago. Batez besteko itzulpena 863 eurokoa izango da eta ordaindu behar dutenek, aldiz, 762 euro inguru eman beharko dizkiote administrazioari.

Maiatzaren 4an hasi eta ekainaren 19ra arteko epea izango dute 174.000 arabarrek errentaren aitorpena egiteko. Ogasunak, dagoeneko, aurrez prestatutako 100.000 errenta aitorpen bidali ditu etxeetara.

Gipuzkoa

Apirilaren 21ean abiatuko du Gipuzkoako Foru Ogasunak 2008. urteari dagokion errentaren kanpaina eta ekainaren 25era arte luzatuko du. Hala ere, aurrez prestatutako aitorpena jaso dutenek, apirilaren 15etik aurrera izango dute proposamena onartu edo ezeztatzeko aukera. Ogasunaren bulegoetan ez ezik, ohi bezala, hainbat banku eta kutxetan ere egin ahal izango da aitorpena.

Berritasun nagusien artean, etxebizitzari lotutako kenkariak daude. Etxebizitza kontuak dituztenek bi urtez luzatu ahal izango dute. Ohiko etxebizitza saldu izanagatik lortutako etekinak, bestetik, beste urtebetez gorde ahal izango dira beste etxe bat erosi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.