Hobe berandu

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Tortura kasuak ikertzeko bezala, kurrinka batzuetarako ere sekula ez da berandu: azken orduan egin zituen Ibex-35ek (+%2,05) igoera lan guztiak atzo, ordura arte galerak zirena, irabazi bihurtuz. AEBen BPGaren datu berrikusia %5,9koa izatea ospatuko zuten akaso. Hobe baita berandu, sekula ere ez baino. Bilboko eta Espainiako burtsek erakargarritasuna galdu dutela aipatzen dute hainbat analistek, baina Europako igoera handiena lortu zuten atzo; hori bai, otsailean pilatutako %5,6ko galera ere, Europako handiena izan dute. Edurnezurik (+%2,04) 7.776 milioiren mozkina plazaratu zuen 2009rako, aurreko urtekoa baino %2,4 handiagoa. %4na pasa irabazi zuten, gainera, Indra, Red Electrica eta mozkin politak plazaratu zituen Criteriak ere. 2.378 milioiren salerosketak argi laga zuen mugimendua egon badagoela, zalantzak zalantza eta aldakortasuna gorabehera, errenta finkoa ez delako, oraingoz, errenta aldakorrarentzat alternatiba erakargarriegia.



Criteria (+%4,28) da LaCaixaren zorro industrialaren holding edo euskarria; 2007an akzioko 5,25 euroan burtsaratu zuen, txikizkarien bidez. Iaz 2008an baino %24,3 gehiago irabazita ere (1.316 milioi), 3,36 euro baino ez du egun akzioak balio; danbateko latz samarra. Oro har, baliteke aurrezki kutxk zorro industriala gutxitu beharrean gertatzea, aurrera begira ere. Gaztelako España eta Duero kutxek, berbarako, Ebron Pulevan (+%0,8) dituzten %5 eta %6ko partaidetzak salduko dituzte euren berezko baliabideak pilatu eta, bat-egiteetarako, sendotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.