Hogeigarrenez ere gora, %4,373raino

20 urterako zorrak %9,5 garestitu ditu Euriborrak; 25 urterakoak %11,26, eta 30 urterakoak %13,07

Estitxu Elduaien.
2007ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hogeigarren aldiz jarraian, gora egin du Euriborrak maiatzean, eta %4,373an amaitu du hilabetea. Azken sei urtean izandako mailarik gorenean dago, horrenbestez, hipoteka gehienek erreferentzia gisa hartzen duten indizea.

Adituek urte hasieran iragarri zuten Euriborra %4 iritsi ostean neurrian igoko zela. Aurreikuspen hori bertan behera uzten hasi dira, ordea, dagoeneko, asko. Etenik gabe igo da indizea 2001eko maiatzaz geroztik, ez du gelditzeko itxurarik, eta jaistekoa are gutxiago. EBZ Europako Banku Zentralaren asmoak ezagututa behintzat ez, ekainean berriro ere interes tasak igoko dituela espero baita, eta tasa horien inguruko estimazioaren arabera ezartzen baita Euriborra.

Eta hipoteka mailegua dutenek jasango dute, beste behin, igoera honen ondorio latzena, mailegua hilabete honetan berritzea tokatzen zaienek, hileroko kuota nabarmen igoko baitzaie. Igoera, amortizazio epearen araberakoa da. Adibidez, hipoteka 10 urterako duenari %5 garestituko zaio kuota, 30 urterako hipoteka duenari, berriz, %13 garestituko zaio, eta 50 urterakoa duenari %19.

Batez beste, 160.000 euroko maileguak dituzte Hego Euskal Herriko biztanleek; INEren arabera, maiatzean 158.854 eurotako hipotekak eman dira.Zifra hori kontuan hartuta,eta Euriborraren azkeneko tasaren arabera, 10 urterako hipoteka duenak iaz baino 82 euro gehiago ordaindu beharko ditu, hilero, hemendik aurrera, 30 urterako hipoteka duenak, 100 euro gehiago, eta 50 urterako duenak, 115 euro gehiago.



ZUHURTZIA HANDIAGOA. Eta etengabeko igoerak larritasuna ere eragin du herritarren artean, eta baita aurrezki kutxa eta bankuen artean ere. Ondorio hori atera du behintzat Espainiako Bankuak maileguen inguruan egin berri duen inkestak. Bertan jasotako datuen arabera, herritarrek ezkor begiratzen dioten Euriborraren bilakaerari, eta ondorioz, hipotekak eskatzerako orduan zuhurtzia handiagoa dute. Are gehiago, iazko datuekin alderatuta, aurtengo maiatzean %3 hipoteka gutxiago sinatu dira Hego Euskal Herrian. Aurrezki kutxa eta bankuak ere kontu gehiagorekin ari dira azkenaldian eta maileguan ordainetan eskatzen dituzten garantiak zorrotzagoak dira, inkesta horren arabera.

Bestelako joera ere nabari da, dena den. Madrilen (Espainia), esaterako, Europan aurreneko aldiz, Euriborra -2 puntuko mailegua eskaintzen hasi da Metrovacesa eraikuntza enpresa.



GAZTEEK, GERO ETA ZAILAGO. Gazteak dira, iazko datuak kontuan hartuta, hipoteka bat lortzeko zailtasun handienetarikoak dituztenak. Aurrezki kutxa eta bankuetako arduradunek orain gutxi onartu dute, aurrenekoz, egungo etxebizitzen prezioak, interes tasen bilakaera eta gazteen soldatak kontuan hartuta gazteengehiengoa hipoteken merkatutik kanpo geratzen dela.

Hipoteka lortzen dituztenen artean ere, gazteak dira ordaintzeko ahalegin handienak egiten dituztenak. Espainiako Gazteriaren Kontseiluak dionez, Hego Euskal Herriko gazteek soldataren %70 erabili behar izaten dute hipoteka mailegua ordaintzeko.

Eta etorkizunerako aurreikuspenak ez dira oso baikorrak. Adituek diotenez, urtearen bukaerara arte igotzen jarraituko du Euriborrak, eta horrek ekonomiari zuzenean eragingo diola uste dute askok: aditu batzuk esan dutenez, interesek gora jarraitzeaz, kontsumoari eragingo dio, etaekonomia moteldu egingo da.Eraikuntza sektoreadagoeneko motelaldi hori nabaritzen hasi dela uste duenik ere bada, eta horren lekuko enpresa batzuk etxebizitzak saltzeko egiten ari diren eskaintzak . Laudion (Araba), esaterako, Altzarraten, etxebizitzen prezioak merkatzea erabaki du Vallermoso enpresak. Orain hilabete batzuk hasi ziren etxeak eraikitzen, baina ezin salduta ibili ostean, 60.000 euro gutxiagora jaitsi dute orain prezioa.



Gero eta epe handiagoa, garestitzea are handiagoa

AMORTIZAZIO EPEA IAZ KO KUOTA (Û) ORAINGO KUOTA (Û) ALDEA (Û) ALDEA (%)

10 urtera 1.605 1.687 +82 +%5,04

15 urtera 1.168 1.257 +87 +%7,41

20 urtera 953 1.044 +91 +%9,58

25 urtera 827 923 +96 +%11,59

30 urtera 746 846 +100 +%13,07

50 urtera 596 713 +115 +%19,34



Taula hau kalkulatzeko, 160.000 euroko mailegu hipoteka bat hartu da kontuan. kuotak hilerokoak dira.





Etxebizitza hurrengo urtean pixka bat merkatuko dela iragarri dute adituek

Igoera %4 inguruan ibiliko da aurten, eta familien zorpetzeak goia joko du, BBVAren arabera
erredakzioa

Bilbo

Igo egingo da, baina gutxiago. Garesti baino garestiago jarraitu du etxebizitzak aurten. Prezioek ostera ere gora joko dutela diote adituek. Ziur daude, dena den, mantsoago goratuko direla: %4 inguru, iazko %9aren eta orain bi urteko %15aren aldean. Are gehiago, etxebizitza 2008an merkatu egingo dela iragarri dute.

BBVAk, esaterako, «jaitsiera erreala» aurreikusi du. Jaitsiera, bai, baina jaitsiera txikia. «Prezioak egonkortu egingo dira», bankuko Ikerketa Kabineteko buru Jose Luis Escrivaren arabera. «Ez da gertatuko 90eko hamarkada hasieran bezalakorik. Orduantxe %15 jaitsi ziren prezioak hainbat tokitan». Escrivak uste du familiek aurten izango dutela arazo gehien hipotekei aurre egiteko. «Interes tasek gora jarraitzen dute eta etxebizitzen prezioa etengabe garestitu da». Joera aldaketa dator, nolanahi ere. Azaldu du prezioek goia jo dutela -aldi baterako behintzat-, eta etxebizitza erosi guran dabiltzanek aukera ona izango dutela hurrengo urtean.

Poliki bada ere, familien zorpetzeak behera egingo du 2008an, BBVAko Ikerketa Kabineteko buruaren hitzetan. Une honetan, soldataren zatirik handiena hipoteka pagatzera bideratu behar dute herritar askok. Gazteek, batez ere. Baldin eta etxebizitza erosteko aukera badute. Edo babes ofizialeko etxea egokitzen zaie, edo gurasoen etxean jarraitu behar dute askok eta askok. Eta merkatu askera jotzen dutenek, soldataren %85 bideratu behar dute mailegura, azkeneko datuen arabera.



KOSTALDEAN, ZAILAGOA. Kontratu prekarioak dituzte eta maileguaren sarrera ere ordaintzeko arazoak dauzkate. Erdigunetik aldendutako auzoetara jotzen dute, beraz. Eta 40 bat metro koadroko etxeak erosteko lain ez dute izaten. Dena den, barrualdeko hirietan oraindik arazorik ez dute higiezinen agentziek etxebizitzak saltzeko. Kostaldean, aldiz, 2004an baino denbora gehiago behar dute:batez beste 15 hilabete behar zituzten orduan, eta ia 30 orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.