Hollandek aurrekontu itunaren aurkako matxinada eragotzi nahi du

Diputatu sozialista eta ekologista askok defizita praktikoki debekatzen duen EBren akordioaren aurkako botoa eman nahi duteItuna onartu du Frantziako Gobernuak, eta urrian bozkatuko dute parlamentariek

Iker Aranburu.
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Nicolas Sarkozyren opari pozoitsu bat nola hala irentsi nahian dabil Frantziako ezkerreko gobernua: Europako Aurrekontu Ituna. Euroguneko estatuek defizit publikoa izatea eragozten duen itun hori onartu zuen atzo François Hollanderen gobernuak, nahiz eta badakien diputatu sozialista asko kontra daudela. Hollandek berak bere aurkako jarrera aldatu zuen, paktu horri hazkundeari buruzko atala gaineratu ahal izan zionean.

Berez, itunak aurrera egingo duela ia ziurra da. Oposizioko alderdi nagusiak, UMP eskuindarrak, oro har, baiezkoa emango dio itunari. Hori bai, gogo handirik gabe, gobernu sozialista estu hartzeko aukera igarotzen utziko baitu horrela. Baina ituna haren buruzagi batek negoziatu zuen Angela Merkelekin, eta ezinezkoa du orain atzera botatzea.

PS alderdi sozialistaren barnean, ordea, zatiketa handia da. Alderdiko ezkerreko adarrak iragarri du ez duela alde bozkatuko, itunak «austeritatea betikotzen» duelakoan. «Itunak dio sufritzen dugun gaitz bakarra estatuen gehiegizko zorra dela, eta gastu publikoaren kudeaketa okerra. Ez dio hitz bakar bat ere finantza merkatuek krisi honetan duten erantzukizunari buruz, edo desarautzeei buruz», salatu du Jerome Guedj PSko diputatuak, Nouvel Observateur aldizkarian.

Hollandek gogoan du Europako Konstituzioari buruzko erreferendumak PS erdibitu zuela, eta alderdiaren barruko giroa zeharo gaiztotu. Itun fiskalarekin ere berdin gertatzeko beldur da. Horregatik, matxinada hedatu aurretik baretu nahi du.

Kontrako ahotsak isilarazteko lanean jarri ditu talde parlamentarioa eta Gobernua. Atzo, ituna parlamentura bidaltzeko proposamena onartu berritan, ezohiko agerraldia egin zuen Jean Marc Ayrault lehen ministroak, ondoan bere ministro garrantzitsuenak zituela. «Parlamentuak bere erantzukizunak hartu behar ditu […] eta Frantziaren interesak defendatu», azaldu du Ayraultek, aurpegi eta tonu serioarekin. Balizko disidenteei ohartarazi die ezezko botoak Hollande ahulduko lukeela, eta lehendakariak kontu publikoen zuzenketa agindu zuela bere hauteskunde kanpainan. Hortaz, «ez da inposatu diguten ezer».

Laurent Fabius Atzerri ministroari egokitu zaio merkatuen mamua astintzea: «Agian, testua ez da perfektua […], baina atzera botatzeak Frantziaren aurkako espekulazioa eragingo luke». Europako konstituzioaren aurkako lider sozialista nagusia izan zen Fabius.

Ekologistak ere zatiturik

Sozialistek ez ezik, ekologistek ere barne gatazka handia dute Europako itunarekin. Asteburuan erabakiko dute Berdeek zer egingo duten, baiezkoa, ezezkoa eta abstentzioa mahai gainean daudela. Aurkako botoa ematera aholkatu du Berdeen talde parlamentarioko buruak, François de Rugyk. Ezezko hori eragozten saiatuko dira, berriz, bi ministro ekologistak, Pascal Canfin eta Cecile Duflot. Baina, batez ere, itunak barne borroka bat eragitea saihestu nahi dute buruzagi ekologistek. «Botoa ez da hain garrantzitsua. Ituna iraganaren oinordekotza da», ziurtatu du Canfinek.

Zatiketarik ez dago FG Ezkerreko Frontean: denak daude itunaren aurka, eta austeritatearen aurkako manifestaziora deitu dituzte herritarrak hilaren 30erako. Itunari buruzko erreferenduma eskatu dute ezkertiarrek, baina baita Fronte Nazionalak ere.Asanblea Nazionalak urriaren 2an bozkatuko du testua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.