ekonomia

Hollandek zergak gutxituko dizkie enpresei

Familia adarreko kotizazioak kenduko dizkie, lan kostuak txikitzeko. Bizitza pertsonalari buruz hitz egiteari uko egin dio: "Ez da lekua, ezta unea ere horretaz hitz egiteko".

Iker Aranburu.
2014ko urtarrilaren 14a
20:43
Entzun

2013 amaierako mezuan aurreratutako Erantzukizunaren Ituna zer den azaltzen ari da François Hollande Frantziako presidentea. Funtsean, enpresei erraztasunak eman nahi dizkie kontratazioak handitu ditzaten. Hollanderen arabera, Frantziaren arazo nagusia  ekoizpena da. "Gehiago ekoitzi behar dugu, eta hobeto". Eskaintzaren eta eskaeraren arteko kontraesana baztertu du, eta eskaintza hobetuz gero eskaera ere handituko dela defendatu du. 

Lau puntu nagusi izango ditu Erantzukizunaren Itunak. Bata da lan kostua jaistea. Horretarako, 2017 bitartean agindu du enpresek eta langile autonomoek ordaintzen duten Gizarte Segurantzaren kotizazioetako bat, familien kutxara doana, ezabatu egingo duela. 30.000 milioi gehiago enpresentzat, eta diru hori gutxiago Estatuarentzat.  Ukatu du ordea enpresei barkatutakoa herritarrek ordainduko dutela. "Ez da opari bat".

Halaber proposatu du enpresek tasa gutxiago ordaintzea —2015erako iragarri ditu berritasunak—, eta enpresen inguruko burokrazia txikitzea, garestia eta alperrikakoa delakoan.

Emango dizkien laguntzen truke, Hollandek nahi du enpresek langile gehiago kontratatzea. Horretarako "elkarrizketa soziala modernizatu" behar dela dio.  

Enpresek zerga eta kotizazioetan aurrezten dutena herritarrek ez dutela ordainduko ziurtatu du Hollandek. Hortaz, bide bakarra dago kontuak ateratzeko: gastua gehiago jaistea. Zehazki zer egingo duen ez du azaldu, baina eman du arrastoren bat, Gizarte Segurantzan: "Botiken alperrikako preskripzioa" gutxitu nahi du, eta sendagai generikoak hedatu, inguruko herrialdeetan egiten duten moduan.

Europako Batasunak eskatzen dion defizitaren murrizketa bizkortuko duela agindu du Frantziako Gobernuak. Aurtengo aurrekontuan 15.000 milioi euroren murrizketak azaltzen dira, eta beste 50.000 milioi izango dira hurrengo hiru urteotan. Presidentak espero du murrizketa horiek ez dutela ekarriko ekonomiaren uzkurtzea.

Bizitza pertsonala

Kazetarien lehen galdera Hollanderen bizitza pertsonaiari buruzkoa izan da, eta ez du kazetari gehienek espero zuten erantzuna izan. "Frantziako lehen dama al da Valerie Trierweiler?”. Ez: ”Zure galdera ulertzen dut eta espero dut zuk nire erantzuna ulertzea. Norberak proba batzuk bizi ditu bere bizitzan zehar. Horixe da gure kasua. Baina printzipio bat dut: arazo pribatuak pribatuki tratatzen dira, norberaren intimitatea errespetatuz. Hortaz, hau ez da ez lekua ezta unea ere hortaz aritzeko”. Hitz egingo duela, Obamarekin bildu aurretik, datorren otsailaren 11n .

Azken asteotan eztabaida piztu da Frantzian, Hollandek aktore batekin duen harreman pertsonala azalarazi delako. Bere bikotikidea, Valerie Trierweiler, erietxean dago aldizkari batek informazioa zabaldu zuenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.