Kareletik jaurti du Ibex-35ek (-%1,08) hainbeste kostatako 11.000 puntuen langa. Oiartzunen hondakinen gaikako bilketa hastear dela, burtsari hondakintegi oihartzuna sumatu diote txerritxo ehiztariek, eta, beraz, posizioak errausteari ekin. Bihar hasiko da Erreserba Federalaren bi eguneko bilera, eta AEBetako datu makroekonomikoei jaramon handirik ez zieten egin; interes tasak igotzeko sistema edo erritmoa zein izango den jakinarazi beharko luke: interes tasak ia zeroan direla, dolarrei zabor itxura hartzeko arriskua dago eta. 1.504 milioiren salerosketarekin, bi erraldoiek, Repsol, Endesa nahiz BBVAk %1na pasako galerak izateak ez zuen beste aukerarik eskaini. Telecinco (+%2,79) erraustua izatetik salbatu zen. Borondatezko kutsatzea normala ez den bezala, mozkinen hazkunde tasak ere kontestu berrira egokitu behar lukete: Morgan Stanleyren analisten ustez, 2012. urtera arte %5-%9 artean handituko dira Edurnezuriren mozkinak.
Rating etxeek erabakitzen dituzten kalifikazioak suntsipen handiko armak bihurtzeko bidean dira. Espainiako bankuak begitan hartu dituztela dirudi, baina AEBetan eta Erresuma Batuan bistakoak diren arazoak Espainian ez dira, oraingoz, ikusi.
Txinak AEBen 889.000 milioiren zorra du bere esku, hirugarren hilabetez jarraian salmentak burutu arren. 5.800 milioi saldu ditu martxoan, abenduan saldutako 34.000 milioi baino askoz gutxiago. Joerak, ordea, Etxe Zuria gorritzen hasteko balio lezake.
Hondakinen oihartzunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu