Hurrengo lau urteotan 740 milioi euro pagatuko ditu Jaurlaritzak interesetan

Gasteizek eskatutako zorpetzearen zati bat baizik ez du onartu Espainiako Gobernuak, 1.196 milioi euro

Iker Aranburu.
2010eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Datozen lau urteotan, urtetik urtera, nabarmen handituko da Eusko Jaurlaritzak zorraren interesak pagatzera bideratuko duen dirua. Guztira, 740 milioi euro gastatu beharko ditu 2013a bitarte. Urte horren amaieran 8.228 milioi euroko zorra izango du Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren %10,82.

PPk eskatuta, Carlos Agirre Ogasun sailburua Eusko Legebiltzarrean azalduko da gaur, zorpetzeari buruzko azalpenak ematera. Erantzunaren berri eman zuen atzo Efe agentziak. Horren arabera, aurten interesetan 88,49 milioi euro pagatuko ditu Jaurlaritzak, aurrekontuaren %0,85.Datorren urtean 124,75 milioi, 2012an 224,4 milioi eta 2013an, berriz, 302,79 milioi. Orotara, 740 milioi euro izango dira, baldin eta tarte horretan orain eskatutako zor guztia baliatzen badu. Gaur egun, azken zentimoa ere beharko duela dirudi, zerga bilketak ez duelako artean gora egin.

Interesetan pagatu beharrekoak diru asko jango dio aurrekontuari. Aurten, esaterako, 10.380 milioi euroko aurrekontutik %0,85 bideratu beharko du interesak ordaintzera. Halako kopurua gastatuko du turismoa (24 milioi) eta merkataritza (66 milioi) sustatzeko. Urtetik urtera interesetan pagatu beharrekoa igo egingo denez, 2013an arlo horretara bideratutakoa aurtengo aurrekontuaren ia %3 izango litzateke. Beste hitzetan esanda, aurten nekazaritzak, arrantzak eta industriak eramango duten kopurua, edo euskara sustatzeko gastatuko denaren halako bi eta erdi luze.

Eusko Jaurlaritzaren zorpetze maila ere nabarmen handituko da datozen lau urteotan. Duela bi urte ia ez zuen zorrik, eta 2010. urtea 4.527 milioi euroko zorrarekin bukatuko du EAEko Administrazioa. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGren %6,75. 2011n 5.941 milioiko zorra izatea espero du Jaurlaritzak (BPGren %8,56), 7.137 milioi 2012an (%9,88) eta 8.228 milioi 2013an (%10,82).

Blokeoa Madrilen

Hori bai, aurreko guztia bete ahal izateko lehenik Espainiako Gobernuak onartu egin beharko du Jaurlaritzak eskatutako zorpetzea. Egingo duenik ez dago erabat ziur, Europako Egonkortasun Ituna betetze aldera Madril autonomia erkidegoen zorpetzea mugatu nahian dabilelako. Aurten, esaterako, 2.050 milioi euroko zorra jaulkitzeko asmoa zuen Jaurlaritzak, baina atzora arte diru hori blokeatu du Espainiak. Gainera, atzoko bileran, Ministroen Kontseiluak 1.196 milioi euroko zorra besterik ez dio baimendu. Atzerapen horrek 600 milioi euroko mailegua hartzera behartu zuen Jaurlaritza.

ezin zion baimenik eman Espainiak. Gainera, oraingoz 1.196 milioi zorpetzeko baimena baizik ez dio eman.



Zorra gora

Interesak Zorra

2010. 88,49. 4.527


2011. 124,75. 5.941


2012. 224,4. 7.137


2013. 302,79. 8.228


milioi euroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.