Hego Euskal Herrian 1.951 langabe gutxiago zeuden azaroan, urriarekin alderatuta, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren azken datuen arabera. Guztira, 163.424 langabe daude, iazko azaroan baino 13.102 gutxiago. Langabezia tasa, beraz, bi hamarren txikitu da azken hilabetean, %12,2raino. Nabarmentzekoa da sektore guztietan egin duela behera langabe kopuruak: bereziki, zerbitzuetan (-1.188), eraikuntzan (-285) eta industrian (-159).
Halaber, azpimarratzekoa da Gizarte Segurantzak 4.093 kotizatzaile irabazi dituela azaroan. Guztira, 1.213.014 afiliatu daude Hegoaldean, iazko azaroan baino 25.232 gehiago. Urritik azarora izandako igoera (+4.093) kontuan hartzekoa da, iaz aldi berean izandakoa baino hiru aldiz handiagoa baita.
Lurraldeka, denetan jaitsi da langabe kopurua:
Araba: 20.768 langabe daude; urrian baino 443 gutxiago, eta iazko azaroan baino 1.416 gutxiago.
Bizkaia: 73.699 langabe daude; urrian baino 825 gutxiago, eta iazko azaroan baino 4.491 gutxiago.
Gipuzkoa: 33.826 langabe daude; urrian baino 495 gutxiago, eta iazko azaroan baino 3.500 gutxiago.
Nafarroa: 35.221 langabe daude; urrian baino 98 gutxiago, eta iazko azaroan baino 3.695 gutxiago.
Hego Euskal Herria: 163.424 langabe daude; urrian baino 1.951 gutxiago, eta iazko azaroan baino 13.102 gutxiago. Langabezia tasa %12,2koa da.
Gero eta langabe gutxiago egon arren, gogorra da haien egoera. Izan ere, langabe gehienek, %61,4k, ez dute inolako diru sarik jasotzen: soilik langabeen %22,6k jasotzen dute sari arrunta; %13,7k subsidioa; eta, %2,4k bestelako laguntzak.
Kontratuei dagokienez, berriz, iazko azaroarekin alderatuta, aurtengoan %3 hazi da kontratazio kopurua. 115.411 kontratu berri sinatu ditzute Hego Euskal Herrian, ia denak aldi baterakoak (%93,1).