Lan istripuak

Iaz %5 handitu ziren lantoki barruko istripu larriak, Osalanen arabera

Lan istripu kopurua %19,5 murriztu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, pandemiaren eraginez. Hala ere, 2019an baino langile bat gehiago hil zen istripuan. 

Iragan ostiraleko lan istripua salatzeko Getarian eginiko elkarretaratzea. LAB SINDIKATUA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 15a
19:46
Entzun

Pandemiak eragin zuzena izan zuen iaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egondako lan istripuetan. Osalanek emaniko datuen arabera, 2019an baino %19,5 gutxiago izan ziren guztira. Lantoki barruan izandako istripuak %19 murriztu ziren, lanerako joan etorrian gertaturikoak, in itinere deritzonak, aldiz, %23. Istripu mota guztiak, baina, ez ziren modu berean gutxitu. Izan ere, iaz 2019an baino langile bat gehiago hil zen lanean -29 guztira-, eta lantoki barneko istripu larri kopurua %5 igo zen. 2019an 160 istripu larri izan ziren lantoki barruan, iaz, aldiz, 168.


Osalanek eta sindikatuek ez dituzte modu berean sailkatzen lan istripuak, horregatik dira sindikatuek eman ohi dituzten zifrak baino baxuagoak. Era berean, eta Jaurlaritzaren barneko erakundea den heinean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak biltzen ditu bakarrik. Elsa Perez lan sailburuordeak eta Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariak eman dute txostenaren berri. Azaldu dutenez, pandemiaren eraginez ekoizpenean egondako etena izan du murrizketaren arrazoi nagusia. 2019an 37.157 istripu zenbatu zituzten guztira, in itinere-koak barne, eta iaz 29.222 izan ziren. In itinere istripuen jaitsiera nabarmenagoa izan da, eta hor, besteak beste, telelanaren eragina sumatu dute.

Osalanek genero aldagaia txertatu du iazko txostenean, gizonak eta emakumeak «lan istripu modu ezberdinak» izaten dituztelako. Gizonezkoek manufaktura postuetan izaten dituzte istripuak; emakumeek, aldiz, zerbitzuetan eta in itinere. Azken horien batez bestekoetan alde handia aurkitu dute. Egia da gizonek istripu gehiago izaten dituztela bidean, baina 1.000 langileren araberako estrapolazioa eginez gero, gizonezkoen tasa 2,86koa da, eta emakumezkoena 4,03koa da.

Tasa horrek istripuen genero joera orokorra hausten du. Zein da arrazoia? Perez oso grafikoa izan da arrazoietako bat ematean: «Umeak zaindu edo erosketak egiteko lanetik presaka irten behar izateak ere eragina du». Dena den, oro har gizonezkoek lanarekin zer ikusia duten trafiko istripu gehiago dituzte, hori bai, txostenaren egileek zehaztu dute garraiolari postu gehienetan gizonezkoak daudelako dela.
Osalanek beste aldagai batzuen araberako entresakak egin ditu, eta sailburuak azaldu du «lan baldintza txarrek» eragin zuzena dutela istripuetan. Zentzu horretan, eta eskarmentuari dagokionez, istripuak jasandako langileen %28k urtebete baino gutxiago zeramaten postuan.

«Neurririk ez da hartzen»
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Getarian (Gipuzkoa) iragan ostiralean jazotakolan istripu larria salatzeko. Hildakoa LAB sindikatuko kide eta ordezkari ohia zen, eta, sindikatuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuan hildako 32. langilea da. LABek salatu zuen istripuak ez direla zoriaren ondorio, «prekarizazioaren, lan harreman ereduaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren ondorio baizik». Era berean, erakunde publikoei leporatu zieten istripuak eragozteko behar adinako ahaleginik ez egitea: «Zein aldaketa egiteko prest zaudete lan eredu hiltzaile hau geldiarazteko? Ez da neurririk hartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.