Iaz baino %31 auto berri gutxiago saldu dituzte Hegoaldean

Aurtengo salmentak asko jaitsi dira Araban eta Nafarroan: %40 eta %34, hurrenez hurren

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Iaz saldutako hiru auto berritik bat gutxiago saltzen ari dira aurten Hego Euskal Herrian (%31). Abendura bitarte 33.000 auto eta noranahiko berri saldu dituzte, iaz garai berean baino 15.000 gutxiago. Azaroko datua iazko azaroarekin alderatuz gero, jaitsiera %13,5ekoa izan da. Ganvamek eman ditu datuak. Espainiako auto eta pieza saltzaileak eta auto konpontzaileak biltzen ditu.

Salmentetan gainbehera izan dute Arabako eta Nafarroako auto saltzaileek: Araban aurten iaz baino %40 auto eta noranahiko berri gutxiago saldu dituzte; Nafarroan, %34 gutxiago; Bizkaian, %26,8, eta Gipuzkoan, %19,5. Azaroan salmenta jaitsiera %25 ingurukoa izan da Araban eta Nafarroan. Gipuzkoa izan da salbuespena, iazko azaroan baino %6,7 auto gehiago saldu baitituzte aurtengoan.

Salmenten barruan ñabardurak daude. Araban, esaterako, iaz baino %32,2 auto gutxiago saldu dituzte, baina %16,5 noranahiko gehiago.

Espainiako datuen arabera, aurtengo auto berrien salmenta datuak 1993koen parekoak izango dira: matrikulazio datuak biltzen hasi zirenetik urte okerrena. Ganvamek dio hiru auto saltegitik bi dirua galtzen ari direla.

Hori guztia erosleei beherapenak eskaintzen ari diren arren. «4.000 euro ingurukoak», Juan Antonio Sanchez Ganvameko presidentearen arabera. Baina beherapenak ez dira behar bezain erakargarriak jendeak krisiaren eraginei eta zalantzei muzin egin eta auto berria erosteko.

Sanchezek «ekintza argiak eta sendoak» eskatu dizkio Mariano Raxoiri, Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteari. Zer dira «ekintza argiak eta sendoak»? Auto zaharra erretiratu eta berria erosteagatik laguntzak ematea, Sanchezen arabera. Iazko urtearen lehen erdian laguntza horiek salmentak bultzatu zituztela nabarmendu du. «Salmentak igotzeaz gain», dio, «autoen batez besteko antzinatasuna, zeina kezkagarria den, gutxitzen du, eta administrazioen diru sarrerak handitzen ditu». Diru sarrera horien artean daude BEZa eta matrikulazio zerga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.