Aurreko hilabeteak bezalaxe, azaroa ere txarra izan da auto saltzaileentzat. Hego Euskal Herrian, iaz baino %32 auto gutxiago matrikulatu dira. Nafarroa da iazko emaitzak hobetzeko gai izan den herrialde bakarra. Izan ere, hark bakarrik jarraitzen du autoa aldatzen dutenei laguntzak ematen.
Lehen sei hilabeteetan iaz baino dezente emaitza hobeak erdietsi zituzten saltzaileek. Uztailean etorri zen bihurgunea. Balio erantsiaren zerga igo zen alde batetik, eta 2000E planaren dirua agortu bestetik. Orduan hasi zen gainbehera, eta, oraingoz, ez du ematen joera aldatuko denik. Urtea ez dute salbatuko kontzesionarioek. Lehen hamaika hilabeteetako datuak kontuan hartuta, salmentak %8,75 murriztu dira jada.
Egoera ikusita, kezkatuta dago sektorea. Anfac autogileen elkarteak eta Ganvam saltzaileen elkarteak diote autoa erosteko momentu egokia dela. Autoak erosteko egin behar den esfortzu ekonomikoa orain bost urte baino %5 txikiagoa dela azaldu dute, eta orain hogei urte baino %20 txikiagoa. «Sei hilabeteko soldata aski da auto txiki bat erosteko eta hamar hilabetekoa gama ertaineko bat erosteko». Salmentak suspertu ezean enpresak deslokalizatzeko arriskua dagoela ohartarazi du.
Iaz baino %32,6 auto gutxiago saldu dira azaroan
Urte osoko datuak kontuan hartuta, matrikulazioak %8,75 murriztu dira Hego Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu