Iazko aurrekontuetan finkatutako defizita bikoiztu du Jaurlaritzak

Patxi Lopezen gobernuak BPGaren %2,56koa izan du, eta Nafarroak, %1,89koa; bien helburua defizita %1,3ra mugatzea zenEBrekin konplitzeko beste 30.000 milioi murriztu beharko lituzke Espainiak

Ivan Santamaria.
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dituzte bete 2011. urterako ezarri zituzten defizit helburuak. Defizita barne produktu gordinaren %1,3ra mugatzea hitzartu zuten bi administrazioek Espainiako Gobernuarekin. Ogasun Ministerioak atzo jakinarazitako datuen arabera, ez dute lortu. Patxi Lopezen gobernuak %2,56korekin amaitu du urtea, eta Yolanda Barcinarenak, 1,89korekin.

Sekulako polemika piztu du azken asteotan Jaurlaritzaren kontuen egoerak. EAEko gobernua «porrot egitear» zegoela iradokitzeraino iritsi zen Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Jeltzaleek, halaber, Jaurlaritzak defizit helburua gutxienez bikoiztuko zutela ziurtatu zuten, eta ia asmatu dute. Azken kopurua %2,56 izan da. Gutxi gorabehera, 1.670 milioiko defizita izan zuen Lopezen gobernuak iaz, aurreikusita zegoena baino 825 milioi gehiago.

Ogasun Ministerioak egin dituen kalkuluak ez datoz bat Jaurlaritzak atera dituen emaitzekin, Ekonomia eta Ogasun saileko iturriek azaldu dutenez. Hori dela eta, azalpenak emateko agerraldia egingo du gaur Carlos Agirre sailburuak.

Defizit helburua ez zela lortuko esana zuen aldez aurretik Agirre sailburuak, baina nolako itxiera espero zuten esateari uko egin dio orain arte. Hainbat argudio eman izan ditu. Iazko zerga bilketa aurreikusi zena baino 1.000 milioi eskasagoa izan zen. Jaitsierak 700 milioi euroko zuloa utzi zion Jaurlaritzari. Horri aurre egiteko, besteak beste, 600 milioi euro gastatu gabe utzi zituen Lopezen gobernuak. Hazkunde ekonomikoa ere aurrekontuak egiteko erabili zenaren erdian geratu da (%0,6).

Bestalde, aurrekontu itxiera Espainiako kontularitzari egokitzerakoan zenbait sozietate eta enpresa publikoren zenbakiak bere gain hartu behar izan ditu. Horrek «defizit apur bat» gehituko ziola aurreratu zuen Agirrek.

Irailaren 30 arte %0,6ko superabita zuten Jaurlaritzaren kontuek. Haatik, kopuru hori ez zela adierazgarria ohartarazi zuen gobernuak, besteak beste urteko azken hiruhilekoan ordainketa eta diru transferentzia asko egiten direlako.

Nafarroak defizitari buruzko zenbait datu aurreratu zituenjoan den otsailaren 1ean. Itzaleko bidesariak alde batera utzi, eta %1,2ra mugatu zuen defizita. Hots, mugaren azpitik. Haatik, azkenean bidesari horiek ziur asko kontuen barnean sartu beharko zituela aitortu zuen Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak, eta, horiek barne, %1,7ra igo zuen emaitza. Kalkulu hori ere ez du bete azkenean, ordea.

Espainiaren defizita, %8,51

Bruselarekin hitzartu zuena betetzetik oso urrun geratu da Espainia ere. Joan den urtean defizita %9,3tik %6ra murriztu behar zuen, baina soilik %8,51ra jaitsidu. Cristobal Montoro Ogasun ministroak uko egin zion horrek eragingo duen murrizketa dirutan emateari. Edonola ere, 2012. urterako EBrekin adostu zen muga —%4,4— gauzatu nahi badu, beste 30.000 milioi eurotan jaitsi beharko luke defizita. Helburu hori lausotzen ahaleginduko da Mariano Raxoi presidentea. Helmuga aldatu baino lehen iazko emaitzen zehaztasunak eta aurtengo aurrekontu proiektu sinesgarria galdegin dizkio EBk.

Desbideratzean parterik handiena erkidegoei dagokie. Erkidegoen defizit globala %2,94 izan da —31.541 milioi euro—, 2010ean izandako ehuneko bera. Ez da inolako jaitsierarik egon, muga %1,3 bazen ere. Soilik Madril egon da horren azpitik. Defizit handienak izan dituzten administrazioak Gaztela-Mantxa (%7,3), Extremadura (%4,59) eta Murtzia (%4,33) izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.