Zazpigarren hilabetez jarraian negatiboa izan da urte arteko inflazioa Hego Euskal Herrian. Alabaina, aldea txikia izan da maiatzean, soilik iaz baino %0,1 merkeago baitzeuden gehien kontsumitzen diren produktuen salneurriak. Orain urtebete baino merkeagoak dira, esaterako, etxeari lotutako gastuak, baita garraioa ere. Multzo horretan sartzen ditu INEk ibilgailua erosteak nahiz hura mantentzeak eragiten dituen kostuak, erregaiak kasurako, baita garraio publikoa ere.
Dena den, estatistika erakundeak jakinarazi duenez, gehienbat erregaien eta elikagaien garestitzeak eragin du inflazio negatiboa gutxitu izana.
Apiriletik maiatzera, berriz, garestitu egin dira prezioak, %0,5. Herrialdeka, Araban eta Nafarroan igo dira gehien prezioak, %0,6; Bizkaian %0,5 eta Gipuzkoan %0,4. Urtea hasi zenetik, batez beste, %0,4 garestitu dira salneurriak.