Iazko otsailean baino %31 auto gutxiago saldu dituzte Hegoaldean

Urteko lehen bi hilabeteetan %36ko jaitsiera pilatu dute; eta aurreikuspenak ez dira esperantzagarriak

2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Iazko urtea gaizki amaitu zuten Hego Euskal Herriko auto saltzaileek, bigarren seihilekoan hondoa jo zuelako auto berrien salmentak. Aurtengoa are urte zailagoa izango zela zioten aurreikuspen guztiek, eta oraingoz behintzat bete-betean asmatzen ari dira iragarle haiek guztiak. Urtarrileko aldapa inoiz baino gogorragoa egin zitzaien, erostera ez ezik, eskaintzez galdezka ere inoiz baino jende gutxiago zihoalako kontzesionarioetara. Eta, auto saltzaileen zoritxarrerako, otsaila ez da izan egoerari buelta emateko hilabetea. Alderantziz. Hego Euskal Herriko saltzaileek 2.981 auto berri saldu dituzte orotara, iazko otsailean baino %36 gutxiago. Urteko lehen bi hilabeteetako salmenta datuak kontuan hartuta ere, ez du emaitza hobea ematen konparaketak: iazko lehen bi hilabeteetan aurtengoetan baino %31 gehiago saldu zuten.

Herrialdeka ere, inor ez da beheraldia geldiarazteko gai izan otsailean. Emaitzarik txarrenak Nafarroako auto saltzaileek erdietsi dituzte, iazko otsailean baino %43 ibilgailu berri gutxiago salduta. Urteko lehen bi hilabeteetan, berriz, %45eko jaitsiera izan dute salmentetan. Daturik txukuneak, berriz, Gipuzkoako saltzaileek lortu dituzte. Aurtengo otsailean iazkoan baino %24 auto gutxiago saldu dituzte, eta urteko lehen bi hilabeteetan %30 gutxiago. Araban, berriz, iaz baino %24 auto gutxiago matrikulatu dituzte otsailean, eta %38 gutxiago urteko lehen bi hilabeteetan. Azkenik, Bizkaian, %36 gutxiago saldu dute otsailean, eta %35 gutxiago urtea hasi zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.