Joan den urtarrilaren eta iazko abenduaren artean 232 enpresa desagertu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. "Beti gertatzen da beherakada hori urtarrilean, urtaro arrazoiengatik", Confebasken arabera. Garrantzitsuena hilabete arteko datua baino gehiago urte arteko datua dela nabarmendu du patronalak, eta datu hori krisi garaian lortutako onena da: aurtengo urtarrilean 2014ko urtarrilean baino 866 enpresa gehiago zeuden EAEn, 57.830 guztira. %1,5eko igoera da, 2007ko ekainetik izandako daturik onena.
Enpresen sorkuntzak indar handiagoa izan du Araban eta Gipuzkoan Bizkaian baino. Araban %1,8 handitu zen Gizarte Segurantzan izena emandako konpainien kopurua, Gipuzkoan %1,7, eta Bizkaian %1,2. Dena dela, patronalak azaldu du sortutako enpresa kopurua eta autonomo berrien kopurua oraindik apala dela, eta gainertau du "igoera txikiegia" dela ekonomiak krisi garaian galdutakoa "arrazoizko epe batean berreskuratzeko". Izan ere, 2008ko maiatzarekin alderatuta, 7,963 enpresa gutxiago daude EAEn, %12,3 gutxiago.
Konkurtsoan, gutxiago
Joan den urtarrilean aurreko hilabetean baino 668 langile autonomo gutxiago zeuden, baina iazko urtarrilean baino 851 gehiago. Krisia hasi zenetik 16.326 autonomo galdu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoak, %8,6.
Bestetik, Confebasken datuen arabera konkurtso egoeran zeuden enpersa kopurua %22,4 jaitsi zen iaz 2013arekiko. 2014an 458 konpainia zeuden konkurtso prozeduran, eta aurreko urtean 590. Patronalak azpimarratu du konkurtso kopuruen jaitsiera dakarren bosgarren hilabetea jarraian izan dela urtarrila. Konkurtsoen jaitsiera handiena eraikuntza sektorean (-%43,9) eta industrian (-%27,2) gertatu da.
Urtarrila enpresa eta autonomoen kopururako "hilabete ona" izan bada ere, konpainia eta autonomoen sorrera erritmoa handitu behar dela uste du Confebaskek, eta horretarako beharrezkotzat jo du "ekonomia erreala babesteko neurriak hartzea" eta "finantzaketa eskuragarriago izatea".