Enpresak

Iberdrolak 1.457 milioi irabazi ditu lehen seihilekoan, iaz baino %3,3 gutxiago

Bizkaiko konpainiak azaldu du babestuta dagoela 'brexit'-arengandik.

Jon Fernandez.
2016ko uztailaren 20a
19:03
Entzun

Urtarriletik ekainera bitarteko emaitzen berri eman du Iberdrolak: 1.457 milioi euroko irabaziak izan ditu, iazko tarte berean baino %3,3 gutxiago. Energia konpainiak azaldu du lehenengo sei hilabeteetako emaitzetan eragina izan dutela multinazionalarentzat erreferentziazkoak diren dibisen gorabeherek. "AEBetako dolarrak ez du konpentsatu libera esterlinaren eta Brasilgo errealaren debaluazioa, dolarrak 2015eko lehen seihilekoan izandako mailari eutsi baitio". 

Iberdrolaren fakturazio gordina (Ebitda), 3.892 milioi eurokoa izan da ekainera bitartean, 2015eko aldi berean baino %1,4 handiagoa. Ohiz kanpoko faktoreak eta truke tasa kontuan izan barik, fakturazioa aurten %5,8 hazi dela nabarmendu du enpresak.

Bestetik, Erresuma Batuko hautesleek Europako Batasunetik ateratzearen alde egin izanak aurtengo kontuetan kalterik ez diola egingo uste du Iberdrolak. Izan ere, libera esterlinak multinazionalaren urteko irabaziei egiten dion ekarpenaren %100 betea du deribatuen eta bestelako finantza tresnen bitartez. 

Iazko irabazi garbien %25,6 sortu zuen libera esterlinatan (619,9 milioi euro), eta %20,3 dolarretan (492,6). "Horrek suposatzen du babes dibisa gisa funtzionatzen duen dolarraren eboluzioak konpentsatu egingo duela, partzialki bada ere, brexit-ak libera esterlinarengan izandako eragina". 

Aurtengo aurreikuspenak betetzeko asmoa berretsi du Iberdrolak, urtea amaitzerako Ebitda %5 handitzekoa —zorraren interesak eta zergak pagatu aurreko emaitza—, eta irabazi garbiek are igoera handiagoa izatekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.