Energia

Iberdrolak hiru hidrogeno kargaleku jarriko ditu Bilbon, Jundizen eta Pasaian

'Hidrogenoaren Euskal Y'-a deitutako proiektuaren bidez, garraio astunaren deskarbonizazioa bultzatu nahi du.

'Hidrogenoaren Euskal Y-a' proiektuaren parte hartzaileak. IBERDROLA.
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 19a
11:19
Entzun

Hidrogenoaren erabilera bultzatzeko proiektu bat aurkeztu du Iberdrolak. Hidrogenoaren Euskal Y-a izena jarri dio, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru gune logistiko nagusietan gas horren kargalekuak jarriko dituelako: Bilboko eta Pasaiako portuetan, eta Gasteizko Jundiz industrialdean. Kamioiek, autobusek eta furgonetek hor izango dute aukera hidrogenoa kargatzeko. Ibilgailu astunen deskarbonizaziorako, hidrogenoak teknologia egokiagoa dirudi elektrifikazioak baino, oso bateria handiak beharko lituzketelako bestela, eta denbora asko horiek kargatzeko.

Ibilgailu astunek erabiltzeko ez ezik, portuko eta aireportuko zereginetarako eta industria kimikoa energiaz hornitzeko modu bat ere badela azaldu du Iberdrolak. 

Argindar konpainiak ziurtatu du 37 milioi euro inbertitu nahi duela Hidrogenoaren Euskal Y-aren proiektuan, eta haren eraikuntzak eta erabilerak 1.700 lanpostu sortuko dituela, zuzenean eta zeharka.

Elektrolizagailuak, bertan

Erabilitako hidrogenoa lekuan bertan sortzea da Iberdrolaren asmoa. Hamar megawatteko potentzia duten elektrolizagailuak jarriko ditu kargalekuetatik hurbil. Elektrolizagailuak uretik hidrogenoa modu garbian bereizteko aparatuak dira, eta, horiek elikatzeko, energia berriztagarriak erabiliko ditu: eguzki plakekin elikatuko dituzte, eta, haiek nahiko argindar sortzerik ez dutenean, Iberdrolak agindu du energia berriztagarriez hornituko dituela.

Plaka fotovoltaikoek beharrezkoa baino argindar gehiago ekoizten dutenerako, berriz, bateriak jarriko dira soberakin hori gordetzeko, eta beharrezkoa denetan hidrogenoa bereizteko edo argindar sarera bidaltzeko.

EBren dirua

Iberdrolak Next Generation EU planaren dirua erakarri nahi du Hidrogenoaren Euskal Y-a finantzatzeko. Erakunde publikoen babesa ere lortu du: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Gasteizko Udala; eta Bilboko eta Pasaiko portuak. Gainera, enpresa batzuk konpromisoa hartu dute hidrogenoa erabiltzeko: besteak beste, CAF, Irizar, Alsa, Aena, PepsiCo eta Primafrío enpresek.

Proiekturako behar diren materialaz, makinez eta zerbitzuez hornitzeko, 30 euskal enpresa bildu dituela adierazi du Iberdrolak: ABC Compresores, Ampo, Arteche, Babcock Valves, Bético, Boslan, Calderería Mañez, Consonni, EIA Ingeniería Soluciones, Elecnor, Emica, Goizea, Hidroambiente (grupo Elecnor), Idom, Indar, Inecosa, Ingeteam, Iointek, Jema, Ksb, Mesa, Ormazabal, Pine, Schneider Electric, Tambora, Tamoin, TMC, Torralval, Tubos Reunidos eta ZIV.      

Horietako gutxi batzuek parte hartzen dute Hidrogenoaren Euskal Korridorea izeneko proiektuan.

Euskal Herrikoa ez da Iberdrolak hidrogenoaren erabilera sustatzeko abian jarritako proiektu bakarra. Beste bat du esku artean Bartzelonako Portuan eta Zaragozan (Aragoi, Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.