CES itsasoa ikertzeko zientzialarien kontseiluak Ipar Atlantikoko, Baltikoko eta Ipar Itsasoko arrainen egoera zein den aztertu eta haien iraupena bermatzeko zer neurri hartu gomendatzen du. 19 herrialdetako 1.600 itsas zientzialarik osatzen dute. Iragan urrian kaleratu zituzten bai antxoaren bai legatzaren inguruko azken datuak:
-Antxoa: Antxoak bizitza laburra du: hiru urte ingurukoa. ICESen arabera, antxoa «segurtasun biologikoko eremutik kanpo dago», eta orain arrain ugaltzaileen kopurua 29.800 tonatan dago, arretaz ibili beharreko kopurutik behera. Horregatik, Bizkaiko Golkoan «kuota 11.000 tonatan ezartzea gomendatzen du». Era berean, espezieak bizitza laburra duela-eta eta belaunaldi berrien kopuruak oso aldakorrak direnez, urte hasieran kuota zuhur bat ezarri eta ekainean, datu berriekin, kuota berrikusteko gomendatzen du. ICES kontseiluak gaineratzen du urte askoan ezarri izan diren 33.000 tonako kuotek ez dutela harrapaketarik mugatu. Horregatik, arrain txikienak babesteko neurri osagarriak hartzeko aholkatzen du zientzilarien kontseiluak.
-Legatza: Espeziea irauteko segurtasun eremutik kanpo dago. ICESen arabera, 1987tik 2000ra jasangarritasunetik gora arrantzatu da. Espainiako flotak %59 arrantzatzen du, Frantziakoak %29 eta Erresuma Batukoak %5. Epe motzera espeziea suspertzeko berreskuratze plan bat proposatzen du: 2004an harrapaketak 13.800 tonaraino jaistea eta kontrol neurriak gomendatzen ditu. Dio, halaber, egungo harrapaketa kopuruetan 2008an stock-a berreskuratzeko %50eko aukerak daudela eta %80koak 2011n.
ARRANTZA
ICESen gomendioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu