Espainiak bi eta berrehun euroko oroitzapenezko txanponak jaulki ditu, Felipe VI.a erregearen irudiarekin. Polemika ifrentzuan dago. 70 años de paz (70 urte bakean) leloa du idatzita, olibondo adarra daraman uso batekin batera. Espainian halako tarte bat zenbatzeak ezinbestean Francoren diktadura bake aroaren parte izatea eragingo luke, eta horrek haserrea piztu du alderdi eta memoria historikoa lantzen duten elkarte batzuetan. Bake aroaren aipamena ere ohikoa zen Francoren urtemugetan. Moneta fabrikak adierazi du II. Mundu Gerraren osteko 70 urteak ospatzeko egitasmo zabal baten parte dela.
Frantziak irabazi du Waterloon, 200 urte igaro ondoren
Txanponei lotutako azken polemiketako bat izan da. Waterlooko batailaren 200. urtemuga gogoratzeko bi euroko txanpona jaulkitzeko asmoa zuen Belgikak. Borroka hura Frantziako armadak galdu zuen, Napoleonek gidatuta. Urtemuga txanpon batean agertzeak Frantziako diplomazia muturtu du, «Europako kohesioarekin» bat ez datorrela iritzita. Kexak entzunda, aurrera ez egitea erabaki du Belgikak.
Dolar fededunak, AEBetako ateoen bataila galdua
Nonahiko izaera ei du Jainkoak; AEBetan, behintzat, dolarretan ere ageri da. In god we trust (Jainkoan sinesten dugu) esaldia dute billete berdeek. Luzea da hori ezabatzeko saiakeren zerrenda. Hain zuzen iazko maiatzean galdu zuten azken bataila AEBetako ateoek. Konstituzioaren kontrakoa dela uste dute, erlijio askatasuna urratzen duelako denek fedea diru zorroan eraman behar izateak. Baina epaile guztiek jo dute ontzat esaldia.
Kaleratzeak Txilen, idazketa akats batengatik
Urtebetez ez zen inor konturatu, baina idazketa akatsaz jabetu zirenean, buruak moztu ziren. Chile beharrean Chiie jartzen zuen 50 pesoko txanponetan. 2008an jaulki zituzten 950 milioi txanpon akastunak, baina 2009 amaieran konturatu ziren hutsaz: Monetaren Etxeak hainbat langile kaleratu zituen orduan, tartean Gregorio Iñiguez zuzendaria bera, eta, nola ez, Pedro Urzua eskultorea, domina egilea.
Gerra Handia oroitzea ala gerra gorestea?
Ehun urte geroago ere zirrara sortu du, onerako eta txarrerako, Herbert Kitchener Gerra ministroaren hatz erakusleak Your country needs you esaldiaren ondoan (Zure herrialdeak behar zaitu). Erresuma Batuak Lehen Mundu Gerran soldaduak errekrutatzeko erabili zuen propaganda kanpaina berreskuratu zuten iaz, mendeurrena ospatzeko. Sarean 30.000 sinadura bildu zituzten txanpona atzera botatzeko, «gerra goresten duelako».
Dirua, lurralde eskarien azken uhartea Argentinarentzat
Londresen ez du grazia handirik egin Argentinan joan den otsailetik dituzten 50 pesoko billeteek. Alde batean Buenos Airesek beretzat eskatzen dituen Malvina irlen mapa dago (Falkland, britainiarrentzat). Billetearen beste aldean Antonio Rivero ageri da, 1833an irletan britainiarren kontrako matxinada gidatu zuena.
Lurraldetasun erreklamazioa Estoniako euroetan
Estoniak euroarekin bat egiterakoan erabaki zuen txanponetan herrialdeko mapa agertzea. Haatik, jatorrizko diseinuak ez zituen gaur egungo mugak bere horretan jasotzen, eta Errusiaren eskuetan dauden ekialdeko lurralde batzuk bere egiten zituen. Azkenean diseinua egokitu zuen.
Banku zentralari ez zaizkio omenaldiak gustatzen
Otsailean Leonard Nimoy aktorea hil ondoren hasi ziren zabaltzen, Kanadan. Bost dolarreko billeteetako irudia aprobetxatuz, Nimoyren pertsonai ezagunena —Star Treck telesaileko Spock jauna— marrazteari ekin zioten herritarrek, omenaldi gisa. Billeteak, berez, Wilfried Laurier Kanadako lehen ministro ohiaren irudia dakar. Kanadako Bankuari ez zitzaion gustatu, ordea. Legez kanpokoa ez zela onartu bai, baina ezegokitzat jo zuen praktika.
Bruto, Julio Zesarren hilketaren harrotasuna txanponetara eramanda
Erroma goitik behera astindu zuen Julio Zesarren hilketak. Brutok eta beste senatari konspiratzaile batzuk hil zuten sastakadaka, senatuan bertan. Bere tropak pagatzeko eta propaganda egiteko denario famatua jaulki zuen k.a. 44. urtean: hilketaren datarekin (EID-MAR, martxoko idus-a), bi sastakairekin eta esklabuen askatasunaren ikurra zen pileus burukoarekin.
Matxitxakon hondoratutako euskal txanponak
1936ko gerra betean jaulki zituen Agirreren Jaurlaritzak euskal txanponak. Gobierno de Euzkadi izendun txanpona, polemikoaz gain, jazarria izan zen matxino frankisten aldetik. Euskal Herrian ezinezkoa izaki, Belgika jaulki zituzten. Bruselako Monetaren Errege Etxeak jaulki zituen sei milioi pezeta (batekoak eta bikoak). Zazpi astetan egin zituzten, 1937ko urtarril-otsailean, 2,1 milioi frankoren truke. Jaurlaritzaren esku zegoen Bilbora lurrez iristea ezinezkoa zenez, Baionatik itsasoz garraiatu zituzten txanponak. Baina asko ez ziren iritsi. 1937ko martxoan frankistek irabazi zuten Matxitxakoko batailan, besteak beste, Galdames ontzia ondoratu zuten, barruan hiru tona euskal txanponekin.
Emakumeei dagokien lekua AEBetako dolarretan
The Women On 20s (Emakumeak 20koetan) abiatu dute AEBetan 20 dolarretako billeteetan emakumeen irudiak jartzeko. Herritarrei eskatu diete izenak proposatzeko eta bozkatzeko www.womenon20s.org atarian. Rosa Parks da aukeretako bat (goiko irudian). Egun ez da emakume bakar bat ere agertzen dolarretan. Aurten ehun urte beteko dira AEBetan emakumeek botu eskubidea lortu zutela, eta mendeurrena baliatu nahi dute.
Inizial bat baino gehiago palestinarren aurkian
Britainiar Inperiopeko Palestinan dirua jaulkitzean, 1927an, inor ez mintzea zen zailena. Olibondoaren hostoak aukeratu zituzten iruditzat, eta ez zuen eztabaidarik sortu. Bestetik, hiru hizkuntza jarri zituzten: ingelesa, arabiera eta hebreera. Palestina jarri zuten hiru eratara, baina hebreeraz Eretz Yisra'el-en inizialak gehitu zituzten (Israelgo herrialdea), 1917ko Balfour Adierazpena betez. Arabiarrek protesta handiak egin zituzten kaleetan.
Norvegiako astigar hostoa Kanadako diruan
Kanadako Bankuak billete serie osoa aldatzea erabaki zuen. 2011. urtean diseinu berriak aurkeztu zituen, eta elementu bati begia azkar bota zion Sean Blaney botanikariak. Kanadako banderan agertu eta herrialdearen ikur bihurtu den astigar hostoa ez zetorren bat billetekoarekin. Aldiz, Norvegiako astigar mota batekin antz handiagoa dauka. Bankua saiatu zen akusazioari aurre egiten, Kanadako hostoaren «bertsio liraindua» zela argudiatuta.
Bular biluzi bat, gehiegi AEB puritanoentzako
Dolar laurden berriko irudia egiteko lehiaketa antolatu zuten, eta Hermon McNeill atera zen garaile. Diseinuak modernismoko estilo berritzaileari jarraitzen zion, baina xehetasun batek piztu zuen zalaparta: askatasuna irudikatzen zuen emakumearen bularra biluzik ageri zen. Diseinuak gobernuaren kontrol guztiak igaro zituen, baina 1917an zirkulazioan jarri zenean talde erlijiosoak sumindu zituen, eta apurka erretiratzeari ekin zioten.
Moneta modernoak eta segurtasun arazoak
Txanponak ere izan daitezke berrikuntza teknologikoak islatzeko bitartekoa. Hala egin zuten Herbehereetan, 2011. urtean. Diseinuan QR kode bat inprimatua zeukaten bost eta hamar euroko txanponak jaulki zituen. Kodea eskaneatuta, «oparia» egongo zela aurreratu zuten, gainera. Suedian ere QR kodea duen billete batek irabazi du diseinu lehiaketa, baina banku zentralak ez du elementua sartu nahi, segurtasun arazoak argudiatuta.
Bruselak Andorran Jesukristoren aurpegia desagerrarazi zuenekoa
«Erlijio sinesmenen arloan neutraltasuna mantentzeko». Arrazoi hori medio, EBk atzera bota zuen Andorraren asmoa iaz: 10, 20 eta 50 zentimoko txaponetan San Marti de la Cortinadako pantokratorra debekatu zuen.
Brasilgo diruan jainkoari gorazarre, jainkoa edozein dela ere
Brasilgo billeteetan Deus seja lauvado (Goratua izan bedi jainkoa) aipamena dator 1986. urtetik. 2012. urtean aipua kentzeko eskatu zuen Sao Pauloko fiskal batek, herrialdearen izaera laikoa urratzen zuela iritzita. Brasilgo Bankuak argudiatu zuen ez zela horrela, jainko zehatz bat laudatzea ez dela eskatzen argudiatuta.